Mundua -

kolonbia

Abenduaren 31ra arte luzatu du Santosek FARCekin adostutako su-etena

Bakearen Nobel saridunaren esanetan, data hori "ez da ultimatum bat", ezta denbora-muga ere.

Santosek abenduaren 31ra luzatu du aldebiko su-etenaren data

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidente eta Bakearen Nobel saridunak iragarri du luzatu egingo duela abenduaren 31ra arte FARCekin adostutako aldebiko su-etena. Bake akordioa abuztuaren 29tik dago indarrean.

Data berria iragarri eta gero argitu duenez, "ez da ultimatum bat", ezta denbora-muga ere. "Baina espero dut akordio berri bat lortzeko prozesua askoz lehenago bukatzea, ikasle batek esan zidanez, denborak bakearen eta bizitzaren aurka egiten duelako", adierazi du.

Su-etena hilabete honen bukaerara arte izango zela indarrean esan zuen Santosek aurretik. Iragarpena urriaren 4an egin zuen, hain zuzen, Andres Pastrana eta Alvaro Uribe presidente ohi eta erreferendumean ezezkoaren alde egin zutenekin bildu zen egunean.

Presidente kolonbiarrak agerraldia egin du FARCekin mende erdi baino gehiagoko gatazka bukatzeko negoziazio berriaren nondik norakoak azaltzeko, eta ikasleekin eta errektoreekin izan duen batzarra azaldu du. "Bakearen aldeko martxekin bat egitera" joan direla esan du.

"Esker onak eman dizkiet konpromisoagatik, eta unibertsitateek bakearen inguruko negoziazio prozesuan ezinbesteko zeregina dutela adierazi diet", azaldu du. "Ez gara ezezkoaren aldekoak, ezta baiezkoaren aldekoak ere. Gizartearen aldekoak gara. Bakea gizartearena da", esan zioten ikasleek Santosi.

Gainera, ikasle batek esan duenez, Santosen arabera, "Armadan eta gerrillan gazteak daude, zer gertatuko den zain, berriz tiro egin behar ez izateko itxaropenarekin". Hain zuzen, hitz horiek bultzatu dute Santos su-etena luzatzera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Nobel sariak Gaurko azken orduko albistea Kolonbia