Mundua -
atentatuak egingo omen zituen
Bere buruaz beste egin du Alemanian atxilotutako ustezko terroristak
Aberkide batzuek atxiki dute 22 urteko siriarra, bere nortasunaz jabetu direnean, eta Poliziaren esku utzi.
Agentziak | erredakzioa
Jaber Albakr atentatu bat egiteko asmoa izatea leporatuta Leipzigen (Alemania ekialdea) igande goizaldean atxilotutako ustezko jihadistak bere buruaz beste egin du preso zegoen espetxean, Sajonia estatuko Gobernuak zabaldu duenez.
Der Spiegel hedabidearen arabera, ustezko terroristak ihes egin zuen aurreko larunbatean, poliziek bere etxea inguratu zutenean, baina, bere aberkide batzuek Poliziaren esku utzi zuten. Antza denez, zaintzapean zegoen presondegian eta gose greba hasiberri zuen.
Ohar labur batean, Sajoniako Gobernuak ziurtatu egin du gaur, astelehena, zehaztasun gehiago emango dituztela gertatutakoaren inguruan, 09:00etarako (GMT) deitutako prentsaurreko batean.
Alemaniako zerbitzu sekretuen ustean, atxilotuak "aste honetan bertan atentatua egin zezakeen" herrialdean, Hans-Greorg Maasen Konstituzioaren Babeserako Bulego Federalaren presidenteak Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkarian adierazi duenez.
Chemnitzetik alde egin ostean, Albakrrek ostatua eskatu zuen, Siriako errefuxiatuek erabili ohi duten txat batean, eta hiru aberkidek onartu egin zuten euren etxean hartzea.
Alabaina, horietako baten esanetan, nortasunaz jabetu zirenean, eskuetatik eta oinetatik lotu eta Poliziaren esku utzi zuten, igandetik astelehenerako gauean.
Lehenago, Maassek aurreratu zuen atxilotuak Alemaniako trenen aurka eraso egiteko asmoa zuela, baina, ondoren, Berlingo aireportuetan egiteko prest zegoela zabaldu du.