Mundua -
Ekuadorren
Kolonbiak eta ELNk bake-elkarrizketak hasiko dituzte urriaren 27an
Iragarpena egin ondoren, Kolonbiako presidenteak adierazi du herrialdean 'erabateko' bakea sendotzeko balioko duela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kolonbiako Gobernuak eta Askapen Nazionalerako Armadak (ELN) bake-elkarrizketak hasiko dituzte urriaren 27an Quiton (Ekuador), gaur bi aldeek Caracasen (Venezuela) egin duten agerraldian iragarri dutenez.
Kolonbiako Gobernuaren eta ELNren talde negoziatzaileen buru diren Mauricio Rodriguezek eta Pablo Beltranek eman dute albistearen berri, elkarrekin irakurri duten komunikatu batean. Sei puntuko agenda zehaztu dute negoziatzeko, eta aztertuko duten lehen gaia gizartearen parte-hartzea izango dela zehaztu dute.
Halaber, bi aldeek adostutakoaren arabera, urriaren 27a baino lehen ELNk bahituta dituen pertsona guztiak libre utziko ditu, eta Gobernuak, berriz, preso dauden ELNko buruzagi eta militante batzuk askatuko ditu.
Gainera, alde bakoitzak beste ekimen humanitario batzuk egingo ditu urriaren 27tik aurrera, "bakearen aldeko giroa" sortzeko.
Mauricio Rodriguez gain, Eduardo Herrera Berbelek, Jose Noe Riosek eta Julian Arevalok hartu dute parte gaurko ekitaldian Gobernua ordezkatuz, eta Aureliano Carbonel, Manuel Gustavo Martinez, Bernardo Tellez eta Consuelo Tapias aritu dira ELNren izenean.
Gaurko agerraldian, bi aldeek sinatutako dokumentua irakurri dute, eta ez dute bestelako adierazpenik egin.
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentearen hitzetan, Gobernuaren eta ELNren arteko bake-negoziazioek aurrera egiteak herrialdeak "erabateko" bakea sendotzeko balioko du. Santosen arabera, hiru urte daramatzate lanean ELNrekin negoziazio prozesu bat irekitzeko eta borroka armatuari amaiera emateko.
Martxoaren 30ean iragarri zuten ELNk eta Kolonbiako Gobernuak elkarrizketa formalak hasiko zituztela Ekuadorren, "gatazka armatuari amaiera emateko akordioa lortzeko".