Mundua -

AEB

Trumpek ez du dimitituko bideo batean emakumeak iraintzeagatik

Hautagai errepublikarrak kritika ugari jaso ditu, Hillary Clintonen aurkako bigarren eztabaidarako gutxi geratzen denean.

Donald Trump, AEBko presidente izateko hautagai errepublikarra
Donald Trump, AEBko presidente izateko hautagai errepublikarra
Donald Trump, AEBko presidente izateko hautagai errepublikarra

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Etxe Zurirako hautagai errepublikarrak ez du bertan behera utziko AEBko presidentea izateko ekindako bidea, nahiz eta bere alderdiko zenbait kidek dimisioa eskatu emakumeak irainduz egindako iruzkinak direla eta.

"Ez dago dimititzeko inolako aukerarik", esan du Trumpek "The Wall Street Journal" egunkariari egindako adierazpenetan. Halaber, ukatu egin du bere kanpaina krisian egotea, eta babes "ikaragarria" duela adierazi du.

Ostiralean lehertu zen iskanbila, 2005ean grabatutako bideo batean emakumeak iraintzen zituen komentarioak eginez agertu zenean. Izugarrizko polemika eragin du AEBn, eta batez ere, alderdi errepublikarraren baitan.

Egoera estu jarri du Trump, Barack Obamaren ordezkoa aukeratzeko hauteskundeak (azaroaren 8an) egiteko hilabete baino gutxiago geratzen denean.  Gainera, ordu gutxi geratzen dira Hillary Clinton hautagai demokrataren aurka egingo duten bigarren eztabaida hasteko.

Trumpek "barkamena" eskatzeko bideo bat zabaldu duen arren, kritikek ez dute etenik izan. Besteak beste, Paul Ryan AEBko Ordezkarien Ganberako presidenteak, herrialdeko hirugarren kargu politiko esanguratsuena, haserre azaldu da, eta bertan behera utzi zuen Trumpekin Wisconsinen egitekoa zen agerraldia.

Horrez gain, Melania Trump enpresa-gizonaren emazteak ere agiri bat argitaratu du, hautesleei senarra barkatzeko eskatzeko: “Nire senarraren hitzak onartezinak eta iraingarriak dira niretzat. Adierazpen horiek ez dute nik ezagutzen dudan gizona ordezkatzen”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Hauteskundeak AEB 2024 Eguneko albisteak Donald Trump albisteak