Mundua -
Santos, Bakearen Nobel Saria
Santosen Nobel sariak bake-prozesua bultzatzea espero dute nazioartean
''Helburu dugun sari bakarra justizia sozialdun bakea da'', idatzi du Timochenkok, Santosek Nobel Saria jaso ostean. ''Demokraziarentzat kaltegarri diren akordioak bultzatzea espero dut'', dio Uribek.
Agentziak | Erredakzioa
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteari eman diote 2016ko Bakearen Nobel Saria, eta sari horrek erreakzio ugari eragin ditu, baina Kolonbian bertan eta baita nazioarte mailan ere.
Kolonbian bertan aipagarri Rodrigo Londoño, 'Timochenko', FARCeko buruarena. Timochenkok Twitter bidez esan du ''helburu'' duten sari bakarra ''justizia sozialdun bakea'' dela, ''pamilitarismorik gabe, gezurrik gabe'', idatzi du. Ondoren, Juan Manuel Santos presidentea eta bake prozesuan ''berme'' izan diren herrialdeak zoriondu ditu: Kuba eta Norvegia. Prozesuan ''lagun'' izan diren herrialdeak ere aipatu ditu: Venezuela eta Txile.
Alvaro Uribe (2002-2010) Kolonbiako presidente ohiak eta bake akordioari ezezkoaren aldekoetako batek ere Santos zoriondu du. ''Santos presidente zoriondu nahi dut, eta espero dut saria bide izatea demokraziarentzat kaltegarri diren akordioak aldatzeko'', idatzi du Twitterren.
Andrés Pastrana presidente ohiak (1998-2002) ere Santos Zoriondu du. ''Beste arrazoi bat nazio batasunaren akordioan lan egiteko'', esan du. Pastrana ere ezezkoaren alde azaldu zen galdeketan.
Erreakzio gehiago nazioarte mailan
Ban Ki-moon NBEren idazkari orokorraren ustetan, sariak agerian uzten du Kolonbia ''urrunegi'' heldu dela ''orain atzera egiteko''. Santos une garrantzitsuan saritu dute, ''esperantza'' unean, horren arabera.
Europar Batasunak ere Kolonbiako presidentea zoriondu du, eta adierazi du saria ‘’indarra’’ dakarrela FARCekin akordioak lortzen jarraitzeko. ''Kolonbiak bakea merezi du'', esan du Donald Tusk Europako batzordeko buruak.
Martin Schulz Europako parlamentuko presidentearen hitzetan, berriz, ''merezitako saria'' da, Santosek erakutsitako ''adore eta konpromisoagatik''.
Espainiako Gobernuak ere Santos zoriontzeko komunikatua kaleratu du, eta azpimarratu du Espainia Kolonbiaren alboan izan dela, eta izango dela. Soraya Saenz de Santamaría presidentorderen hitzetan, sariak aitorpen bikoitza dauka: Santosentzat eta Kolonbiako herrarentzat, ''denbora honetan jasan izan duenagatik eta denentzat onargarria den soluzioa bilatzeko nahiagatik''.
François Hollande Frantziako presidente ere ildo horretan hitz egin du. ''Frantzia beti egon izan da Kolonbiaren alboan, eta hala jarraituko du'', esan du.
Angela Merkel, Alemaniako kantzilerraren ordezkariak adierazi du Kolonbiako herriari ''esperantza berri'' bat emateko Santosen lana goraipatzen duela sariak.
John Kerry AEBko Estatu idazkariak, bestalde, espero du bake-prozesuak ''oraindik arrakasta izatea'', galdeketaren ezezkoaren ostean.