Mundua -
Kolonbia
Su-etenak urriaren 31ra arte iraungo du, Santosen esanetan
Timochenkok galdegin du data horretatik aurrera "gerrak jarraitzen ote duen". Santos Pastrana eta Uribe presidente ohiekin bilduko da gaur.
agentziak
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak iragarri duenez, Kolonbiako Gobernuak eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek adostutako su-etenak urriaren 31ra arte jarraituko du indarrean.
"FARCekin urriaren 31ra arte aldebiko eta behin betiko su-etena hitzartu zen", azaldu du Santosek Nariñoko Etxean egindako agerraldi batean.
"Akordio eta elkarrizketen bidez aurrera egin ahal izatea espero dut, gatazka honen konponbidea ekarriko duten akordioak zehaztu ahal izateko", gaineratu du.
Hitzaldian, Santos oso pozik agertu da Andres Pastrana eta Alvaro Uribe presidente ohiekin biltzea hitzartu duelako asteazken honetarako. Bileran, "bi aldeek onartzen dituzten minimoak zehazten" eta "itun nazional handi horretan" jaso beharreko "oharrak" eta kezkak jasotzen saiatuko dira.
Kolonbian 10:30 direnean bilduko da Pastranarekin, Gobernuaren egoitzan, eta 11:30ean izango da Uriberen txanda. Uribek uko egin zion Santosek astelehen honetarako deitutako bilerara joateari. Kolonbiarrek bake-akordioari 'ez' esan ostean hartu beharreko bidea indar politiko guztiekin aztertzeko deitu zuen presidenteak bilera.
Santosek iragarpen hori egin ostean, "hortik aurrera gerrak jarraitu" egingo duen galdetu du Rodrigo Londoño 'Timochenko' FARCeko buruak.
"Hortik aurrera gerrak jarraitu egingo du?", idatzi zuen Timochenkok Twitter sare sozialean duen kontuan. Timochenko Habanan dago, azken lau urteetan hiri horretan Kolonbiako Gobernuarekin bakea lortzeko egindako elkarrizketetan parte hartu duen FARCeko taldearekin.