Mundua -

EZUSTEKOA

Ezezkoa nagusitu da Kolonbian bake-itunaren inguruko galdeketan

Santosen esanetan, su-etena indarrean dago kolonbiarrek, "salbuespenik gabe, bakea nahi dutelako". FARCeko arduradunak ere emaitzarekin triste azaldu dira, baina bakerako borondateari eutsi diote.

Bake Akordioari ezetza nagusitu da

1:53

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astebete inguru Kolonbiako Gobernuak eta FARCek lortutako bake-akordioak ezezkoa jaso du erreferendumean, datu ofizialen arabera.

Mahaien % 99,85eko botoak zenbatuta, bake-itunaren kontrako botoak 6.430.170 izan dira (botoen % 50,22), eta horren aldekoak 6.371.911 (% 47). Botoen erdia zenbatu dutenetik aurrera, emaitzek ezezkoaren aldeko joera hartu dute, eta horrela bukatu da zenbaketa.

Datu ofizialen arabera, parte-hartzea % 37,41ekoa izan da. 13.059.173 kolonbiarrek eman dute botoa, baina 34.899.945 herritar zeuden botoa ematera deituta. Abstentzioa, beraz, % 62,59koa izan da.

Emandako botoetatik, 12.802.081 balekoak izan dira, 86.186 ez dituzte markatu eta 170.909 baliogabetu egin dituzte.

Askoren ustean, emaitzek zalantzan jarri dute 52 urteko gatazkari azkena eman zion prozesua. Ituna lortzeko negoziazioak orain dela lau urte hasi ziren Habanan, Kolonbiako Gobernuaren eta Amerikako gerrillarik zaharrenaren artean.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak esan du "bakearen bila" jarraituko duela agintaldi honetan, eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileekin (FARC) lortutako akordioak indarrean jarraitzen duela azpimarratu du.

"Ez dut etsiko, bakea bilatzen jarraituko dut, nire agintaldiko azken eguneraino", azaldu du emaitzak ezagutu eta gero Nariñoko Etxean egindako prentsaurrekoan.

Santosek nabarmendu duenez, "su-etenak indarrean jarraituko du kolonbiar guztiek, salbuespenik gabe, bakea nahi dutelako".

Presidenteak kazetarien aurrean egindako iragarpenaren arabera, Kolonbiako Gobernuaren ordezkaritza batek Habanara bidaiatuko du FARCeko ordezkariekin biltzeko.

Timoleon Jimenez 'Timochenko' FARCeko buruaren esanetan, FARCek "bakearen aldeko borondatea" dauka eta "etorkizuna eraikitzeko, hitza bakarrik erabiltzeko asmoa" du.

"Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek penagarritzat jotzen dute gorrotoa eta aiherra sustatzen dituztenek Kolonbiako herritarren iritzian eragin izana", gaineratu du Timochenkok, bake-ituna babesteko galdeketan ezezkoa nagusitu dela zabaldu ostean egindako lehen agerraldian.

Horren hitzetan, hasierako gogoeta egin ondoren, gerrillak bilera bat egiteko asmoa du, herri galdeketaren emaitzen "xehetasunak lasaitasunez aztertzeko".

Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohia "itun nazional handi bat" bultzatzeko ekarpenak egiteko prest azaldu da, bere alderdiak sustatu duen ezezkoa gailendu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Albisteak Zer gertatu da Kolonbian?