Mundua -
Plebiszitua Kolonbian
Kolonbiak ezezkoa eman dio bake-akordioari
Ezezkoak botoen % 50,2 eskuratu dute, eta akordioen aldekoek, berriz, bozen % 49,7.
Agentziak | Erredakzioa
Zortzi ordu eta gero, itxi egin dituzte Kolonbian Gobernuak eta FARCek sinatutako bake hitzarmena berretsi edo baztertzeko plebiszituan parte hartzeko hauteslekuak. Euria izan da eguneko protagonista nagusia, eta horrek gutxitu egin du jendean hauteslekuetara bertaratzea.
Botazioak bertako 16:00etan bukatu dira (21:00 GMT), nahzi eta Atlantikoko kostaldeko gobernadoreek Jose Manuel Santosen gutun bidez eskatu dioten bi ordu gehiagoz luza zezan bozkatzeko epea, lurralde horretan euriak eragindako arazoak zirela eta.
Botazioa normaltasunez joan da agintarien esanetan. Hitzarmena berretsi dadin, horren aldeko bozkatu behar du hautesle-erroldaren % 13k, hau da, 4,5 milioi pertsonek. Horrez gain, ezezkoaren kopurua gainditu behar du. Hautesle-errolda hori 33 milioi lagunez osatuta dago (Kolonbiak 48 milioi biztanle ditu guztira), hau da, 4,5 milioi lagunek bozkatu behar dute gutxienez bake hitzarmena berresteko edota baztertzeko. Hautesle-errolda horren barruan daude atzerritik boza eman dezaketen 600.000 kolonbiarrak ere.
Hau da herritarrek erantzun beharreko galdera: "Ados al zaude gatazka bukatu eta bake egonkor eta iraunkorra eraikitzeko sinatutako behin betiko akordioarekin?". "Bai" edo "ez" erantzun beharko dute galdeketan parte hartu nahi duten kolonbiarrek.
Chapinero, Bogota. Argazkia: @jonartano
Eta gero zer?
Baietzak irabaziz gero, gauzak argi daude. Bake hitzarmena bete-betean jarriko da indarrean, nahiz eta alderdi batzuk jadanik abuztuaren 24tik (behin betiko testua zehaztu zenean) edota irailaren 26tik (hitzarmena sinatu zenean) aplikatzen diren.
Aldiz, ezetzaren hipotesiak zalantzak planteatzen ditu. "Hori hondamendia litzateke", ohartarazi du Santosek. Kasu horretan, "Gobernu honen hasieran genuenera itzuliko ginateke: gatazka armatura itzuliko ginateke", adierazi du.