Mundua -
Hondamendi naturalaren ostean
Cameron BPren egonkortasuna dela-eta kezkatuta dago
Britainia Handiko petrolio-konpainiaren sendotasun ekonomikoak "guztien interesengan" eragina duela esan dio BPko presidenteari Erresuma Batuko lehen ministroak telefonoz.
Erredakzioa
Britainia Handiko petrolio-konpainiaren sendotasun ekonomikoak eta egonkortasunak "guztien interesengan" eragina dutela esan dio Carl-Henric Svanberg British Petroleumeko presidenteari David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak telefonoz, Downing Streeteko bozeramaile batek jakinarazi duenez.
Telefonoz elkarrizketa izan dute lehen ministroak eta konpainiako buruzagiak, izan ere, Cameron Afganistanetik itzultzen ari da. Petrolio isuriak Mexikoko Golkoan ingurugiroari egindako kalteak direla-eta "frustrazioa" eta "kezka" azaldu ditu Britainia Handiko lehen ministroak.
Barack Obama Amerikako Estatu Batuetako presidentearekin bihar larunbata elkarrizketatu baino lehen, Cameronek Svanbergekin hitz egin nahi izan du.
Obamaren erasoak
Petrolio-konpainiari eraso egin dio Obamak azkenaldian, isuria kontrolatzeko lanetan egindako kudeaketa kritikatuz. Deepwater Horizon BPren petrolio-plataforma lehertu eta hondoratu zen apirilaren 20an, Mexikoko Golkoan isuria eraginez. Ondorioz, konpainiaren kudeaketa defendatzeko presioak gora egin du Britainia Handian.
Petrolio-konpainiako presidenteak Downing Street bisitatu du gaur eta George Osborne Ekonomia ministroarekin bildu da lehen ministroaren egoitza ofizialean. Elkarrizketa telefonikoa Cameronekin bertan izan du Svanbergek.