Mundua -

mugarri historikoa

Sinatu dute bake akordioa Kolonbiako Gobernuak eta FARCek

Lau urte baino gehiago eman dituzte Habanan negoziatzen, akordioa lortzeko. Erronka nagusi bat dute orain egiteko: bakea eraikitzea, gatazkak zortzi milioi biktima baino gehiago eragin eta gero.

Bakea sinatu dute Kolonbian

1:44

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Manuel Santosen Gobernuak eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek (FARC) sinatu egin dute abuztuaren 24an adostu zuten agiria, bakerako behin betiko urratsa emanda. Lau urte baino gehiago eman dituzte Habanan negoziatzen, akordioa lortzeko.

Santosek eta Rodrigo Londoño Echeverri 'Timochenko' FARCeko buruak Cartagena de Indias hirian 17:00ak zirenean hasi den ekitaldi batean sinatu dute agiria. Ondoren, hitza hartu dute biek, gerratik bakera emandako pausoen berri emateko.

15 estatuburu, Kanpo Arazoetarako 27 ministro eta nazioarteko hamaika erakunderen presidenteak izan dira une historiko horren lekuko. Besteak beste, Juan Carlos I.a Espainiako errege emeritua eta Jose Manuel Garcia-Margallo jarduneko ministroa izan dira bertan. Ban Ki-moon eta Luis Almagro NBEren eta Amerikako Estatuen Erakundeko presidenteek ere hartu dute parte ekitaldian.

Aipatutakoak ez dira gonbidatu bakarrak izan: 2.500 bat pertsonak Cartagenako Konbentzio Zentroko Banderen Patioa bete dute, zuriz jantzita, protokoloak hala agintzen zuelako. Horien artean, Kofi Annan NBEren idazkari nagusi ohia eta Felipe Gonzalez, Jose Alberto Mujica eta Ernesto Zedillo Espainiako, Uruguaiko eta Mexikoko presidente ohiak ere egon dira.

Bake-akordioa

Sinadura horren bidez, Kolonbiako Gobernuak eta FARCek 297 orriko bake akordioa berretsi dute. Sei ardatz nagusi ditu testuak: laborantza eta landa garapena, parte-hartze politikoa, legez kanpoko laboreak, biktimak, gatazkaren amaiera eta adostutakoa berretsi, aplikatu eta egiaztatzea.

Laborantza eta landa garapenaren akordioaren bidez, Lurren Funtsa sortuko dute Kolonbiako landa-eremuak "demokratizatzeko", "lurrik ez duten edo lur nahikorik ez duten nekazarien eta gatazkak gehien kaltetutako guneen mesedetan, banaketa zuzena bultzatuz".

Bestalde, parte-hartze politikoaren helburua indar berriak sortzea da, besteak beste, FARCen etorkizuneko alderdi politikoa sortzea, bermeekin lan egin ahal izateko. Bermeok "oposizioaren estatutu" batean jasoko dituzte.

Horrez gain, FARCek "droga-trafikoarekin hasitako balizko harremanak" hausteko konpromisoa hartu du. Legez kanpoko laboreak bertan behera uzteko eta horien ordez legezkoak hazteko modua adostu dute bi aldeek.

Bakearen gaineko bozketa

Edonola ere, asteleheneko sinadura ekitaldia sinbolikoa izan da, kolonbiarrek erreferendumean erabaki beharko dutelako bost akordioekin bat egiten duten edo Habanan adostutako ituna errefusatzen duten.

Galdeketa balekoa izateko gutxieneko parte-hartzea erroldaren % 13an ezarri dute. 48 milioi biztanle ditu Kolonbiak, baina horietatik 33k baino ez du botoa emateko eskubidea izango; beraz, horien % 4,5ek bozkatuz gero, nahikoa izango da bake akordioa berresteko edo baztertzeko.

Ipsosek boto-asmoari buruz duela gutxi egindako inkesta baten arabera, kolonbiarren % 53k parte hartuko du erreferendumean, eta % 72k alde eta % 28k aurka bozkatuko dute.

Alvaro Uribe eta Aldres Prastrana presidente ohiek "ezezkoa"ren aldeko kanpaina egin dute. Horien ustean, bake akordioak errugabe bihurtuko ditu FARC, eta Kolonbiako garapena oztopatuko du etorkizunean. Halere, bakearen alde agertu dira, eta, "ezezkoak" irabaziz gero, akordio hobea egiteko aukera badela esan dute.

Hori, baina, "hondamendia" litzateke, Santosen arabera. "Ezezkoak irabazten badu, hasierako egoerara itzuliko ginateke, gatazka armatura bueltatuko ginateke", azaldu du. Uste berekoak dira FARCeko buruak ere. "Ez dago aukerarik Habanan adostutakoa berriz ere negoziatzeko", adierazi du Carlos Antonio Lozada FARCeko Idazkaritzako kideak.

Sinatzearen ondoko aroa

Kolonbiarrek bake akordioa begi onez ikusten badute ere, Gobernuak eta FARCek jakin badakite bide luzea dagoela oraindik egiteko, 52 urteko gerrak zortzi milioi biktima eragin baititu.

Gainera, 160.000 pertsona baino gehiago daude desagertuta. Horrez gain, minak ere kendu beharko dituzte zenbait lekutatik, Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak egindako azken txostenaren arabera.

Kolonbiak, era berean, Indar Armatuen egitura berregin beharko du, orain arte gerrillei aurre egiteko antolatuta baitzeuden, gaizkileek FARCek utzitako eremuak erabiltzeko arriskua dagoelako.

Horrek guztiak lortu, eta bake akordioan jasotako puntuak gauzatzeko, giza baliabide eta baliabide material asko beharko dira; beraz, nazioartearen laguntza ezinbestekoa izango da prozesua arrakastaz burutzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gaurko azken ordukoa Kolonbia