Mundua -

BAKE AKORDIOA

Gobernuak eta FARCek bakerako azken urratsa emango dute gaur Kolonbian

15 estatuburu, Kanpo Arazoetarako 27 ministro eta nazioarteko hamaika erakunderen presidenteak izango dira une historiko horren lekuko.

Santos eta Timochenko, abuztuan egindako ekitaldian. Argazkia: EiTB
Santos eta Timochenko, abuztuan egindako ekitaldian. Argazkia: EiTB
Gobernuak eta FARCek bake ituna sinatuko dute Kolonbian

1:32

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Manuel Santosen Gobernuak eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek (FARC) gaur, astelehena, sinatuko dute abuztuaren 24an adostu zuten agiria, bakerako behin betiko urratsa emanda. Lau urte baino gehiago eman dituzte Habanan negoziatzen, akordioa lortzeko.

Santosek eta Rodrigo Londoño Echeverri 'Timochenko' FARCeko buruak Cartagena Kolonbiako hirian 17:00ak direnean hasiko den ekitaldi batean sinatuko dute agiria. Ondoren, hitza hartuko dute biek, gerratik bakera emandako pausoaren berri emateko.

15 estatuburu, Kanpo Arazoetarako 27 ministro eta nazioarteko hamaika erakunderen presidenteak izango dira une historiko horren lekuko. Besteak beste, Juan Carlos I.a Espainiako errege emeritua eta Jose Manuel Garcia-Margallo jarduneko ministroa izango dira bertan. Ban Ki-moon eta Luis Almagro NBEren eta Amerikako Estatuen Erakundeko presidenteek ere hartuko dute parte ekitaldian.

Aipatutakoak ez dira gonbidatu bakarrak: 2.500 bat pertsonak Cartagenako Konbentzio Zentroko Banderen Patioa beteko dute, zuriz jantzita, protokoloak hala agintzen duelako. Horien artean, Kofi Annan NBEren idazkari nagusi ohia eta Felipe Gonzalez, Jose Alberto Mujica eta Ernesto Zedillo Espainiako, Uruguaiko eta Mexikoko presidente ohiak ere egongo dira.

Bake-akordioa

Sinaduraren bidez, Kolonbiako Gobernuak eta FARCek 297 orriko bake-akordioa berretsiko dute. Sei ardatz nagusi ditu testuak: laborantza eta landa garapena, parte-hartze politikoa, legez kanpoko laborantzak, biktimak, gatazkaren amaiera eta adostutakoa berretsi, aplikatu eta egiaztatzea.

Laborantza eta landa garapenaren akordioaren bidez, Lurren Funtsa sortuko dute Kolonbiako landa-eremuak "demokratizatzeko", "lurrik ez duten edo lur nahikorik ez duten nekazarien eta gatazkak gehien kaltetutako guneen mesedetan, banaketa zuzena bultzatuz".

Bestalde, parte-hartze politikoaren helburua indar berriak sortzea da, besteak beste, FARCen etorkizuneko alderdi politikoa sortzea, bermeekin lan egin ahal izateko. Bermeok "oposizioaren estatutu" batean jasoko dituzte.

Horrez gain, FARCek "droga-trafikoarekin hasitako balizko harremanak" hausteko konpromisoa hartu du. Legez kanpoko laboreak bertan behera uzteko eta horien ordez legezkoak hazteko modua adostu dute bi aldeek.

Sinatzearen ondoko aroa

Kolonbiarrek bake-akordioa begi onez ikusten badute ere, Gobernuak eta FARCek jakin badakite bide luzea dagoela egiteko, 52 urteko gerrak zortzi milioi biktima eragin baitu.

Gainera, 160.000 pertsona baino gehiago daude desagertuta. Horrez gain, minak ere kendu beharko dituzte zenbait lekutatik, Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak egindako azken txostenaren arabera.

Kolonbiak, era berean, Indar Armatuen egitura berregin beharko du, orain arte gerrillei aurre egiteko antolatuta baitzeuden, gaizkileek FARCek utzitako eremuak erabiltzeko arriskua dagoelako.

Horrek guztiak lortu, eta bake-akordioan jasotako puntuak gauzatzeko, giza baliabide eta baliabide material asko beharko dira; beraz, nazioartearen laguntza ezinbestekoa izango da prozesua arrakastaz burutzeko.

Santosen iritzian, ondo eginez gero, "bizitza asko salbatu ez ezik, biktimen lantegia ere itxiko da". "Aukera paregabea da. Kolonbia aukera handiko herrialdea da, eta, aukera horiek bideratzeko gauza izanez gero, ez gaitu inork geldituko", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gaurko azken orduko albistea Zer gertatu da Kolonbian?