Mundua -
Amman
'Biraozko' karikatura bat zabaldu zuen Jordaniako idazle bat hil dute
Nahedh Hattar epaiketara zihoan hil duten unean; karikaturaren bidez "gatazka sektarioa eragin eta sentimendu eta sinesmen erlijiosoak iraintzea" leporatu zioten.
agentziak | erredakzioa
Nahedh Hattar Jordaniako idazle kristaua tiroz hil dute gaur, igandea, Ammango auzitegi baten atarian. Hattarrek ika-mika eragin zuen batzuen iritzian islamarentzat "biraozkoa" zen karikatura bat zabaltzeagatik.
Hiru aldiz tirokatu dute Hattar, Justizia Jauregira zihoanean, hain justu, karikaturaren bidez "gatazka sektarioa eragin eta sentimendu eta sinesmen erlijiosoak iraintzea" leporatuta epaitu behar baitzuten.
Segurtasun indarrek adierazi dutenez, Petra albiste-agentziaren arabera, Poliziak ustezko hiltzailea atxilotu du (ez dute haren inguruko daturik zabaldu), eta galdetzera eraman dute.
Idazleak 55 urte zituen, eta Baxar al-Asad Siriako presidentearen aldekoa zen. Aurreko abuztuan atxilotu zuten, baina hilabete baino gutxiago eman zuen kartzelan, irailaren 8an baldintzapean aske utzi baitzuten.
Facebook bidez zabaldu zuen karikaturan, musulman bat ikusten zen paradisuan, eta ardoa emateko eta sartu aurretik atea jotzeko eskatzen zion Ala jainkoari.
Sare sozialetan haserrea eragin ostean, Jordaniako agintariek Hattarren kontra egitea erabaki zuten. Hasieran ezkutatu egin zen, baina, ondoren, bere burua entregatu zuen idazleak.
Fiskalaren aurrean deklaratu zuenean, Hattarrek esan zuen karikaturan "terroristen jarrera" islatzen zuela, eta horren abokatuak ere uko egin zion hura defendatzeari, gizartean eragindako ika-mikagatik.