Mundua -

Guda Sirian

Siriako matxinoak: 'Bake-elkarrizketarik ez, Alepoko erasoen ostean'

Gainera, erreboltariek salatu dute Errusiako Gobernua parte hartzen ari dela bonbardaketetan; igande honetan, gutxienez 23 lagun hil dira.

Herritarrren aurka Alepon egindako atentatuetako bat. Artxiboko argazkia: EFE
Herritarrren aurka Alepon egindako atentatuetako bat. Artxiboko argazkia: EFE
Alepo da beste behin ere Siriako gerran fronterik odoltsuena

1:14

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriako talde matxino nagusien arabera, ezinezkoa da bake-prozesurik abiatzea baldin eta Alepon egunotan izandakoak bezalako erasoek aurrera jarraitzen badute. Bashar al Assaden erregimena ari da erasoak egiten, eta erreboltariek, gainera, salatu dute Errusiako Gobernua ere laguntzen ari zaiola.

30 taldek baino gehiagok, besteak beste Siriako Armada Askeak, agiria sinatu dute, non kritikatzen dituzten matxinoen kontrolpean Alepoko guneen aurkako erasoak; hain zuzen, eraso horiek "aurrekaririk" ez dutela esan dute. Ehunka hildako daude hirian, dagoeneko.

Matxinoen arabera, egunotako testuinguruan ezin da bake-ekimenik martxan jarri, batez ere ekimen horietako bultzatzaile batek, Errusiak kasu, borroka armatuan laguntza ematen badu. "Al Assaden erregimenarekin bat egin du, haren herriaren aurkako krimenak egiteko", ohartarazi dute.

Erreboltarien esanetan, Siriako indarrak arma kimikoak eta napalm ari dira erabiltzen Aleporen kontrako erasoetan; gainera, mundu-mailan, gainerako herrialdeak ez dira ezer egiten ari hori saihesteko. Halaber, galdegin dute laguntza humanitarioa berehalakoan bueltatzea.

Gutxienez 23 hildako, erregimen siriarraren eta errusiarraren bonbardaketetan

Bitartean, gutxienez 23 lagun hil dira igande honetan erregimen siriarrak eta errusiarrak egindako bonbardaketetan Alepon, Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakitera eman duenez.

Bestalde, fakzio armatu islamistek, Turkiaren laguntzarekin, Kadrish hiriaren kontrola berreskuratu dute (Alepoko iparraldean dago); Estatu Islamikoarekin borrokan izan dira, horretarako.

Alepon bonbardaketa handiak izan dira ostiraletik, bai eta Siriako Armadaren ofentsiba bat, Errusiak lagunduta. Larunbatean, 50 bat lagun hil ziren hirian, eta dozenaka pertsona zendu ziren ostiralean.

Eskaera, Errusiari

Alemania, AEB, Frantzia, Italia, Erresuma Batua eta Europar Batasuneko Kanpo Arazoetarako ministroek Sirian su-etena egiteko "borondatea erakuts" dezala eskatu diote Errusiari.

Tufseko (Massachusetts) Unibertsitateko Zuzenbide eta Diplomaziako Fletcher Eskolan bildu eta gero igorritako ohar batean adierazi dutenez, Errusiaren babesa ezinbestekoa da Sirian, laguntza humanitarioa oztoporik gabe hel dadin, eta NBEk trantsizio politikoari buruz gidatuko lituzkeen elkarrizketak abiarazteko giroa sor dadin.

"Errusiari dagokio erakustea prest dagoela eta gai dela ezohiko neurriak hatu eta su-etenaren aldeko ahalegin diplomatikoa egiteko", ziurtatu dute John Kerry AEBko Estatu idazkariak, eta  Alemaniako, Frantziako, Italiako, Britainia Handiko eta EBko homologoek.

Siriarako Boskoteak eta EBko ordezkariak, era berean, ezinbestekotzat jo dute Errusiaren kolaborazioa "laguntza humanitarioa oztoporik gabe helarazteko eta beharrezko giroa sortzeko", elkarrizketetarako.

Halaber, Siriako gatazkan "larrialdiko neurriak hartzeko" eta, gehienbat, Aleporen aurka egiten dituzten bonbardaketak eteteko dei egin diote NBEko Segurtasun Batzordeari ere.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 EB Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak albisteak Errusia bideoak Siriar errefuxiatuak Europan Siria gaur