Mundua -
Bakea Kolonbian
FARC, borroka armatutik politikara
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) gidatuko du nazioarteko komunitatearen egiaztapena, eta FARCek utzitako armak bildu eta gordeko ditu.
Agentziak | Erredakzioa
FARC Latinoamerikako gerrilla jendetsu eta indartsuenak urrats historikoa eman du, Kolonbiako Gobernuarekin hitzartutako bake-itunaren baitan armak utzi eta politikarako bideari ekin ostean. Gerrillaren Hamargarren Batzar Nazionalaren baitan hartutako erabakia espero zen arren, oso garrantzitsua izan da, taldeak armei uko egitea dakarrelako.
FARC sendoen zegoen urtean (2002), 20.000 soldadu baino gehiagok osatzen gerrilla. Orduan, gerrillariek Andres Pastrana presidentearekin (1998-2002) izandako hartu-emanak aprobetxatu zituzten indartzeko. Gobernuak Caqueta eta Meta eskualdeen artean desmilitarizatuta zuen 42.000 kilometro karratuko eremua erabili zuten horretarako, eta San Vicente del Caguan herrian negoziatu zuten.
Leku berberean amaitu dute orain talde armatu gisa egindako azken batzarra, los Llanos del Yari sabana erraldoiean. Habanan negoziatutako gatazkaren amaiera-hitzarmena adostu dute, eta irailaren 26an sinatuko dute Cartagena de Indiasen.
Honela bukatu dute batzarreko adierazpena: "Gure egitura politiko-militarraretik alderdi politiko berri batera egin beharreko bidea martxan jartzeko prestakuntza abiatzea erabaki dugu. Adostutako akordioak betez gero, 2017ko maiatzerako alderdia osatuta izatea espero dugu".
Politikarako bidea
Rafael Silva Caliko Icesi Unibertsitateko analistaren aburuz, borroka armatutik politikara egin beharreko bidea prozesu luzea izango da. Izan ere, irailaren 27aren ondoren, 180 eguneko epea hasiko da armak utzi eta gerrillariak Gobernuak ezarritako bilera-guneetara joan ahal izateko.
Nazio Batuen Erakundeak gidatuko du nazioarteko komunitatearen egiaztatzea prozesua. Armak bildu eta gorde ondoren, suntsitu egingo dituzte, material horrekin bakeari eskainitako hiru monumentu eraikitzeko: Kolonbian, Kuban eta New Yorkeko NBEren egoitzan, hain zuzen.
Desarmea prozesu osoaren hasiera izango dela berretsi du Kolonbiako Gobernuak, eta ez dela "politika armaturik" egongo adierazi du, ezta "bake armaturik" ere. Horrez gain, FARCek oraindik ezagutzeke dagoen alderdi politiko berri batekin konformatu beharko duela nabarmendu du.