Mundua -

Kandahar

40 lagun hil dituzte ezkontza batean izandako atentatuan, Afganistanen

Herrialde asiarrean dauden atzerriko tropei segurtasun zerbitzua eskaintzen dien enpresa bateko nagusiaren semearen ezkontzan izan da erasoa, AIP albiste-agentzia afganiarraren esanetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 40 pertsona hil eta 74 inguru zauritu dituzte ezkontza baten kontra egin duten erasoan, Kandaharren, Afganistan hegoaldean, herrialde asiarreko Barne Ministerioak jakitera eman duenez.

Polizia-iturri batek zehaztu du hildakoen eta zaurituen artean haurrak daudela eta oraindik ikertzen ari omen dira bonba autoz egindako atentatua izan den ala eraso suizida bat.

Lekuko batek, berriz, esan du auto bat ikusi duela zeremonia izan den lekura iristen eta jendearen artean lehertzen, ezkontzako gonbidatuak jaten ari zirenean.

Arghandab barrutian izan da erasoa, Herrialde asiarrean dauden atzerriko tropei segurtasun zerbitzua eskaintzen dien enpresa bateko nagusiaren semearen ezkontzan, bertako herritar batek AIP albiste-agentzia afganiarrari azaldu dionez.

Zaurituetako asko egoera kritikoan daudela esan du Mirwais ospitaleko mediku batek. Biktima gehienak gizonezkoak direla ere zehaztu du, izan ere, gizonei gordetako tokian izan da leherketa.

Afganistango ekintzaileek oraindik atentatua beregain hartu ez badute ere, Segurtasunerako Nazioarteko Laguntza Indarrek agiri batean salatu dute erasoak agerian uzten duela "talibanen taktika nazkagarria".

Talibanek "Al-Faath" (Garaipena) izeneko kanpaina bat abiatu zuten iragan maiatzaren 10ean, eta ordutik atentatu handiak egin dituzte atzerriko tropen kontra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea