Mundua -
AEB
Lehergailu bat zartarazi dute New Jerseyko tren-geltoki batean
Eztanda handia izan da. Pakete susmagarri bat atzeman dute bi herritarrek, eta lehergailu-teknikariek leherrarazi dute.
Agentziak | erredakzioa
New Jersey estatuan, Elizabeth herrian, tren-geltoki batean atzemandako pakete susmagarri bat zartarazi du bart Poliziak. AEBko hedabideen arabera, bost bonba egon litezke barruan.
NBC telebista-kateari Chris Bollwage alkateak esan dionez, robot bat aztertzen ari zenean egin du eztanda lehergailuak. Etxean egindakoa ei da, eta eztanda handiak biktimak eragingo zituen, aurretik ingurua hustu izan ez balute.
Geltoki batetik gertu, trenbidean, ikusi dute paketea bi pertsonak, eta kableak eta tutuak bistan zituela esan diote Poliziari.
Berehala bertaratu dira Poliziako eta FBIko agenteak, eta handik gutxira egin du eztanda. Iturri batzuen arabera, hura aztertzen ari ziren bitartean lehertu da; beste batzuen arabera, lehergailu-teknikariek leherrarazi dute.
Trenen zerbitzua beste geltoki batzuetara bideratu dute, eta litekeena da atzerapenak izatea.
Larunbatean eztanda egon zen New Yorken, eta 29 pertsona zauritu ziren. Seaside Parken, New Jerseyn, beste leherketa bat izan zen egun berean, baina ez zen ez biktimarik ez kalte material larririk izan.
Bost pertsona atxilotu dituzte
Hain justu, Manhattango leherketarekin zerikusia dutelakoan, bost pertsona atxilotu dituzte igandean.
Poliziaren arabera, baliteke bi eztandek (Manhattangoa eta New Jerseykoa) elkarrekin harremana izatea, baina bi kasuetan ez dago argi jihadismoarekin lotuta ote dauden.