Mundua -
Estatu Batuak
29 pertsona zauritu dira New Yorken izandako leherketan
Poliziak inguruko tabernak eta jatetxeak jendez hustu ditu eta trafikoa eten du seigarren etorbidean.
Agentziak | Erredakzioa
Leherkari batek eztanda egin du New Yorken, Chelsea auzoan, eta 29 pertsona zauritu dira ondorioz, hiriko su-hiltzaileek baieztatu dutenez. Iturri ofizialen esanetan, horietatik bat larri dagoen arren, inork ez du hiltzeko arriskurik.
Agintariek ez dute erabilitako gailuari buruzko xehetasunik argitu, baina zaborrontzi baten barruan edo ondoan ipinita zegoela esan dute. Bill de Blasio New Yorkeko alkateak azaldu duenaren arabera, "nahita egindako ekintza" eta "oso gertaera larria" izan da. Ondoren, "ez dutela zantzu terroristarik atzeman" adierazi du.
Segurtasun-neurri bereziak ezarri dituzten egunotan; izan ere, gaur 90 agintari inguru, zenbait presidenteorde, ministro eta goi-funtzionario iritsiko dira hirira, Nazio Batuen Batzar Nagusian astelehean egingo duten eztabaidan parte hartzeko.
Horrez gain, inork ez du informazioarik eskaini lehertu ez zen beste artefaktu baten inguruan, ez De Blasiok, ezta poliziaren zein suhiltzaileen arduradunek ere.
Oraindik ez dute argitu, bestalde, Chelsean jazotakoak eta Nueva Jerseyko Seaside Park hirian egun berean izandako eztandak zerikusirik ote duten ala ez.