Mundua -
Erasoak Sirian
Siriako 90 soldadu hil dira koalizioak egindako bonbardaketan
Pentagonoak baieztatu egin du "posible" dela AEBk gidatzen duen koalizioak Siriako Gobernuko "kideak eta materialak kolpatu izatea".
Agentziak | Erredakzioa
Siriako 90 soldadu hil dira dagoeneko atzo AEBk gidatzen duen nazioarteko koalizioak egindako bonbardaketa batean, Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaile batek adierazi duenez. Horrez gain, AEBri leporatu dio Estatu Islamikoa defendatzen ari dela, eta, jakinarazi duenez, NBEren Segurtasun Batzordearen premiazko bilera egin dadila eskatuko dute.
Bere aldetik, Pentagonoak onartu egin du "posible" dela AEBk gidatzen duen koalizioak Siriako Gobernuko "kideak eta materialak kolpatu izatea" Deir al Zor hirian, Siria ekialdean.
Ohar baten bidez, Pentagonoak esan du nazioarteko koalizioko indarrek uste zutela denbora luzez jarraitzen egon diren Estatu Islamikoaren kide batzuen posizioak erasotzen ari zirela.
Aitzitik, Pentagonoaren arabera, errusiar armadako kideek ohartarazi egin diete erasotzen ari ziren tokian Siriako Gobernuko kideak egon zitezkeela eta, horren aurrean, erasoa etetea erabaki dute.
Eraso gehiago
Siriako erregimeneko soldaduen eta errebelde islamiarren arteko borrokak izan dira berriz ere goizaldean Damasko inguruan, nahiz eta joan den astelehean abiatutako su-etena oraindik indarrean egon. Hala baieztatu du Giza Eskubideen Siriako Behatokiak.
Gobernuz Kanpoko Erakunde horretako ordezkarien esanetan, AinTarmay eta Hush Naserim hirien arteko eremuan (Merye zonaldean) egin du eraso gobernuak, eremu horietan aurrera egiteko asmoz.
Halaber, pertsona bat hil dela ere adierazi dute, erregimenak botatako mortero-obus baten ondorioz. Identifikatu gabeko guda-hegazkin batzuk, gainera, Marra al Nuanam eta Saqueb hiriei eraso egin omen diete.
Atzo ere zenbait borroka izan ziren errebeldeek kontrolatutako Yobar auzoan, Damaskon. Antza denez, hogei bat jaurtigai bota dituzte.