Mundua -
Ontzidiaren erasoa
Israelek errefusatu egin du NBEren nazioarteko ikerketa batzordea
Netanyahuk "beste alternatiba" batzuen bila ari direla dio. Bederatzi ekintzaile Jordaniara heldu dira Israelek 'Rachel Corrie' ontzi irlandarra atzeman ostean.
Erredakzioa
''Askatasunaren ontzidia''ri egindako erasoa ikertzeko, Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusiak nazioarteko batzordea sortzeko egindako proposamena ukatu egin du Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrak.
"Gertatutakoaren ikerketa zentzuzkoa eta objektiboa izan behar dela eta beste alternatiba batzuen bila ari garela esan diot NBEko idazkari nagusiari", adierazi du Netanyahuk.
Lehen ministroak prentsan agertutako informazioak ezeztatu ditu, berak Zeelanda Berriko presidente ohiak zuzendutako ikerketa egiteko NBEri baietza eman ziola adierazten baitzuten.
"Ez da egia proposamena onartu dudala. Gaia kontuz aztertu behar dugu, Israelen eta Armadaren interes nazionalak babestuz", azpimarratu du Netanyahuk.
''Rachel Corrie''ren lehenengo kanporatuak
Bestalde, Israelek ''Rachel Corrie'' larunbatean istilurik gabe Armada israeldarrak atzemandako ontziko lehenengo aktibistak deportatu ditu.
Zazpi kanporatuak, kubatar bat eta sei malasiar, Jordaniara heldu dira dagoeneko, iragan astelehenean ontzidiaren erasoan zauritua izan zen indonesiar batekin batera.
Aktibistek Israelen ekintzak "basatiak" direla adierazi dute, eta "munduko iritsi publikoa desafiatuz ekintza ankerra egin zutela" salatu dute.
''Rachel Corrie'' Askatasunaren Ontzidiaren Gazara abiatu beharreko azken-aurreko ontzia da. Beste itsasontzi bat dago Txipren, baina Gazara bidean martxan jartzeko asmorik gabe oraindik.