Mundua -

Notre Dametik gertu

Terrorismoagatik auzipetuta, Parisko atentatu-saiakeran atxilotutakoak

Ines Madani (19 urte), Sarah Hervouet (23) eta Amel Sakaou (39) dira hiru atxilotuak. Hervoueten mutil-laguna ere auzipetu dute, krimen terrorista ez salatzegatik.

François Molins Parisko fiskal nagusia. Argazkia: EFE
François Molins Parisko fiskal nagusia. Argazkia: EFE
François Molins Parisko fiskal nagusia. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Justiziak auzipetu egin ditu aurreko astean Parisko erdigunean atentatu-saiakera egitea egotzita atxilotutako hiru emakumeak. Gas-bonbonaz eta erregaiz betetako auto bat utzi zuten aparkatuta. Horietako baten mutil-laguna ere auzipetu dute, ekintza terrorista ez salatzeagatik.

Ines Madani (19 urte), Sarah Hervouet (23) eta Amel Sakaou (39) helburu terroristak dituen gaizkile talde bateko kide izatea leporatuta auzipetu dituzte, epaitegietatik EFEri azaldu ziotenez.

Lehenengo biei, gainera, agintari publikoen aurkako hilketa-saiakera ere egotzi diete; hirugarrenari, aldiz, azken krimen horren laguntzaile izatea.

Era berean, Hervoueten mutil-laguna ere auzipetu dute, ekintza terrorista bat ez salatzegatik.

Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak esan zuenez, emakumeak "erradikalizatuta eta fanatizatuta" zeuden, eta beste ekintza terrorista batzuk prestatzen ari ziren. Sakaouren etxetik (Paristik 25 kilometrora, hegoaldera) irteten ari zirela atxilotu zituzten, ostegunean.

Hiruren deiak kontrolatzen ari ziren zerbitzu sekretuak ziur zeuden atentatua "laster" egingo zutela.

Polizia segika zutela konturatu zirenean, Hervouetek aizto bat sartu zion agenteetako bati sorbaldan, eta Madani gauza bera egiten saiatu zen, baina agenteak arma atera zuen eta tiro egin zion hankan.

Hala, irailaren 3an, Notre Dameko katedralaren inguruetan aurkitutako autoarekin lotutako komandoa hiru emakumez osatuta zegoen, eta, Parisko Fiskaltzaren arabera, Estatu Islamikoak gidatzen zuen, Siriatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Zer gertatu da Parisen? Atentatuak argazkiak Estatu islamiarra berriak Albisteak