Mundua -
Polemika
Goldman Sachsek Barroso fitxatu izana etikoa den aztertuko du Bruselak
Europako Batzordeak txosten bat eskatu dio Etika Batzordeari, piztutako polemika ikusita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Batzordeak ikerketa abiatuko du, Jose Manuel Durao Barroso EBko presidente ohia Goldman Sachs bankuan lan egitera joan izana etikoa ote den aztertzeko, azken astean Europar Batasuneko herritarren defendatzaileak kritikak egin ondoren.
Gainera, Durao Barrosok galdu egingo ditu erakundean dituen "pribilegioak", eta "lobista" gisa tratatuko dute.
Emily O'Reilly Europar Batasuneko herritarren defendatzaileak txalotu egin du Junckerrek "azkar" heldu izana bere kritikei, eta ikerketa etikoa "lehenbailehen" egitea espero duela gaineratu du.
Hala ere, ohartarazi du neurri gehiago hartu behar direla antzeko gatazkak berriz ez gertatzeko, eta Kode Etikoa erreformatu behar dela iritzi dio, zigorrak eransteko.
Junckerrek, bere aldetik, "azalpenak" eskatu dizkio Durao Barrosori. Hain zuzen ere, kargu berriaren erantzukizunak zeintzuk diren eta kontratuaren nondik norakoak zehazteko eskatu dio.
Horrez gain, Junckerrek txosten bat egitea agindu dio Etika Batzordeari, Durao Barrosok egindakoa Europar Batasunaren arauekin bateragarria den egiaztatze aldera.