Mundua -
Kolonbiako bake prozesua
Bahiketek eragindako minarengatik barkamena eskatu du FARCek
Gerrillak bideo batean onartu duenez, ekintzok "min handia" eragin zuten eta "familiak urratu zituzten".
Agentziak | Erredakzioa
Kolonbiako gatazka armatuak iraun duen artean egindako bahiketek eragindako minarengatik barkamena eskatu du FARCek. Gerrillak bideo batean onartu duenez, ekintzok "min handia" eragin zuten eta "familiak urratu zituzten".
"Gizatasunez eta berradiskidetzea helburu, arrazoi ekonomikoengatik pertsonak atxikita min handia eragin genuela aitortu behar dugu", esan du Ivan Marquez FARCek Habanako elkarrizketetan izan duen negoziazioen buruak.
Habanan grabatutako bideoan Marquezek onartu duenez, "bahiketen helburua matxinoen beharrizanei erantzutea bazen ere, familiak urratu zituen".
"Gatazkan nahasita egon garen guztiok erantzukizunak aitortzeko unea heldu da. 'Berriro inoiz ez' esateko eta hori betetzeko konpromisoa hartu behar dugu, hurrengo belaunaldiek bake akordio hau zoriontasunaren eta oparotasunaren Kolonbia berri baten hastapen gisa ikus dezaten", adierazi du.
Konpromisoa
Marquezen esanetan, jada lau urte dira FARCek bahiketak egiteari utzi ziola, eta gerrillaren konpromisoa hura "ez errepikatzea" dela azpimarratu du. "Amaitu den gerra baten praktika gisa, lurpean geratuko diren ekintzak izango dira bahiketak", erantsi du.
Lau urte eman dituzte Kolonbiako Gobernuak eta FARCek negoziatzen. Bi aldeek abuztuaren 24an izenpetu zuten Kolonbiako bake akordioa, izenpetze ofiziala irailaren 26an egingo badute ere. Ondoren, itunari buruzko erreferenduma egingo dute urriaren 2an.