Mundua -
Gerra Sirian
ELS taldeak ez du Siriako su-etena beteko
Siriako oposizioko koalizioak (CSN) akordioari buruzko xehetasunik ez duela jaso salatu du.
Agentziak |
Oposizioko Siriako Armada Askeko (ELS) Ahmed Jaled Birri jeneralak EFE agentziari telefono bidez azaldu dionez, bere taldeak ez du onartzen AEBk eta Errusiak Siriarako hitzartutako su-etena, eta, hortaz, ez du errespetatuko. "Ez gaude akordioarekin ados eta ez dugu beteko", adierazi du Birrik.
Bestalde, Negoziaketetarako Batzorde Gorenak (CSN), Siriako oposizioko talde nagusiak, Monzer Majus bere bozeramailearen bidez salatu duenez, oraindik ez du jaso akordioari buruzko xehetasunik.
"Itunaren nondik norakoak azal diezaguten zain gaude, eta, ondorioz, oraindik ezin izan dugu erabaki onartzen dugun ala ez", azaldu du.
Bonbardaketek jarraitu egiten dute
Aldi berean, gerra-hegazkinek Damaskoko kanpoaldeko eta Siria iparraldeko zenbait gune bonbardatu dituzte gaur, aipatu su-etena indarrean sartzeko orduak falta direnean.
Giza Eskubideen Siriako Begiratokiak jakinarazi duenez, hegazkinen Siriako Defentsa Zibileko zentro bat izan dute jomuga. Erasoaldi horrek hainbat zauritu eta kalte material utzi ditu.