Mundua -
Erreakzioak
Europar Batasunak Sirian adostutako su-etena goraipatu du
Aldi berean, Sirian trantsizio politikoa egiteko proposamena egin dezan eskatu dio Nazio Batuen Erakundeari (NBE).
Agentziak | Erredakzioa
Federica Mogherini Europar Batasuneko Kanpo Politikarako goi-ordezkaria pozik agertu da bart AEBek eta Errusiak Sirian su-etena ezartzeko hitzartutako akordioa dela eta. Horrez gain, Sirian trantsizio politikoa martxan jartzeko proposamena egiteko eskatu dio NBEri.
"Siria Babesteko Nazioarteko Taldearen (ISSG) presidentekide garen heinean, Estatu Batuek eta Errusiak lortutako ituna ongi etorria da", nabarmendu du Mogherinik ohar batean.
Politikari italiarraren iritziz, gatazkan parte diren alde guztiek akordioa erabat bete behar dute, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak antolakuntza terrorista gisa izendatutako taldeek izan ezik.
Gainera, Europar Batasunak negoziazio hauek guztiz babesteko asmoa adierazi du, "NBEko ordezkari bereziarekin eta ISSGko bi presidentekideekin elkarlanean".
Errusiak eta Turkiak Siriako tregua errespetatzeko beharra azpimarratu dute
Serguei Lavrov Atzerri ministro errusiarrak eta Mevlüt Cavusoglu homologo turkiarrak alde guztiek Errusiak eta AEBek hitzartutako su-etena bete behar dutela azpimarratu dute, telefonoz izan duten elkarrizketan.
Halaber, bi hilabetez etenda egon eta gero, Bachar Al Asaden erregimenaren eta oposizio siriarraren arteko bake-negoziazioak berriz abiatzearen alde agertu dira.
Alemaniak eta Italiak goraipatu egin dute Estatu Batuek eta Errusiak egindako ituna
Alemaniak ere goretsi egin du bart adostutako ituna, eta guztiek errespetatzea ezinbestekoa dela esan du, baita astelehenetik aurrera erasoak etetea ere. Frank-Walter Steinmeier diplomazia alemaniarraren buruak garbi utzi du "su-etena herrialde osoan mantentzea erdietsiz gero, milaka pertsonarentzat hain nahitaezkoa den sarbide humanitarioa ahalbidetuko dela".
Uste bera eman du aditzera Matteo Renzi lehen ministro italiarrak, eta John Kerry eta Serguei Lavrov ordezkariek egindako lana nabarmendu du.
Oposizioak aurkeztutako trantsizio planari erantzuteko eskatu dio Londresek Asadi
Atzerri ministro britainarrak, Boris Johnsonek, Sirian su-etena ezartzeko egindako akordioa txalotzeaz gain, oposizio siriarrak aste honetan Londresen aurkeztutako trantsizio planari erantzun dezan eskatu dio Bachar al Asaden erregimenari.