Mundua -
Paris-Londres ituna
Immigrazioari aurre egiteko harresia altxatuko du Londresek Calaisen
Hormak kilometro bateko luzera eta lau metroko altuera izango du. Aurreikuspenen arabera, urte amaierako egongo da prest.
Agentziak | Erredakzioa
Robert Goodwill Erresuma Batuko Immigrazioko estatu idazkariak iragarri duenez, Londresek lau metroko altuerako harresia altxatuko du Calaiseko (Frantzia) portuaren iparraldean. Eraikuntzak Mantxako kanala legez kontra gurutzatzen duten etorkinak geldiarazi nahi ditu.
Harresiak kilometro bateko luzera eta lau metroko altuera izango du, eta 1,9 milioi liberako (2,3 milioi euro) aurrekontua du. Iraila amaieran hasiko dira eraikitzen, eta urte amaierarako prest egon daiteke, Londresen aurreikuspenen arabera.
"Jendeak sartzen jarraitzen du. Hesiak ipini ditugu, eta orain harresia altxatuko dugu, segurtasuna handitzeko asmoz", esan du Goodwillek Komunen Ganberan egindako saioan.
Duela egun batzuk istiluak izan ziren Calaisen. Errefuxiatu eta etorkin talde batek enborrak, harriak eta erosketa-orgak paratu zituen errepidean ibilgailuak geldiarazi eta bertan igotzeko asmoz.
Erresuma Batuko agintariek zehaztu dutenez, labain egiten duen hormigoi batez eginda egongo da harresia, hartara, igo nahi dutenek zailagoa izango dute. Eraikuntzak bi zati izango ditu, porturako sarbidearen alde banatan paratuta. Hainbeste igarri ez dadin, loreak eta landareak jarriko dituzte.
Calaiseko segurtasuna handitzeko Londresek eta Parisek duten itunaren baitan dago harresi hau.