Mundua -
Errefuxiatuen krisia
Pariseko lehen errefuxiatuen kanpalekua urria erdialdean irekiko dute
Babesleku horrek 600 bat gizonezko hartu ditu, eta ondoren beste bat egingo dute, emakumeentzako eta haurrentzako soilik izango dena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Parisek urria erdialdean irekiko du bere lehendabiziko errefuxiatu kanpalekua. Hasiera batean 400 bat gizonezko hartuko ditu eta urte amaierarako beste kanpaleku bat eraikiko, emakumeentzat eta adingabeentzat soilik izango dena.
Anne Hidalgo Pariseko alkateak egitasmoaren xehetasunak azaldu ditu: Europako gune urbanizatu batean eraikitzen den lehen kanpalekua izango da, gizonezkoak bost eta hamar egunez hartuko ditu eta ez da kontrol polizialik izango.
Gizonezkoen babeslekua Paris iparraldean egongo da eta urte amaieran 600 errefuxiatu hartzeko ahalmena izango du. Horrez gain, beste kanpaleku bat irekiko dute, Paris hegoaldean, emakumeentzako eta haurrentzako soilik izango dena; 300 pertsonentzako tokia izango du eta urtea amaitu orduko egongo da martxan.
Gizonezkoei zuzendutako kanpalekua abandonatutako tren geltoki zaharrean eraikitzen ari dira. Guneak 1.000 metro karratu baino gehiago izango du eta ihesean iristen diren pertsonen egoera zein den eta asilo-eskaerak bideratzeko zentro bat izango du. Behin bertatik igarota, kanpalekuetara bideratuko dituzte.
Horrez gain, osasun zentro bat izango dute, baita autobus zerbitzua ere, gizonezkoen kanpalekutik emakumezkoen babeslekura joan ahal izateko.
Ihesean izan direnean emakumeek eta adingabeek pairatu dituzten gehiegikeriak ekiditeko erabaki dute gizonezkoengandik banatzea eta haientzako kanpaleku propioa eraikitzea.