Mundua -
G20aren bilera
Akordiorik ez AEBk eta Errusiak Siriari buruz egin duten bileran
Sirian su-etena lortzeko negoziatzen jarrai dezatela agin diete Barack Obamak eta Vladimir Putinek euren ordezkaritzei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sirian su-etena lortzeko helburuarekin Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Errusiak egindako bilera akordiorik gabe amaitu da Txinako Hangzhou hirian. G20aren goi-bileraren baitan, aldebiko bilera egin dute bi herrialdeek.
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bere ordezkaritzak Errusiako delegazioarekin negoziatzen jarraituko duela, Sirian su-etena lortzeko asmoz. Hala ere, aitortu du oraindik bi aldeen arteko “zauria itxi gabe” dagoela.
“Ezberdintasunak ditugu eta horiek murriztea negoziazio zaila da”, adierazi du Obamak Hangzhoun (Txina) G20aren goi-bilera amaitu ostean egin duen agerraldian.
Obamak azpimarratu du elkarrizketa “zintzoak eta zuzenak” izan dituela Vladimir Putinekin, eta, batez ere, Siria eta Ukrainako egoera aztertu duela erantsi du.
AEBetako eta Errusiako ordezkaritzen buru diren John Kerry Estatu idazkariari eta Serguei Lavrov Atzerri ministroari Sirian su-etena lortzeko negoziazioari berriro heltzeko agindu dietela jakinarazi du.
“Kerryri agindu diot datozen egunetan lanean jarrai dezatela, eta Putinek gauza bera esan dio Lavrovi”, gaineratu du.
Kerry eta Lavroven ordezkaritzak Moskun, Washingtonen eta Genevan bildu ziren joan diren asteetan. Gaur goizean beste batzar bat egin dute, Txinako goi-bilera baliatuta, baina ez da akordiorik izan.