Mundua -

Txinako goi-bilera

Errefuxiatuen krisian konpromiso gehiago eskatu dio EBk G20 taldeari

G20 taldeak errefuxiatuen krisiari erantzun gehiago eskaini behar dizkiola azpimarratu dute EBko buruzagiek, Europak 'sakrifizio neurrigabea' egin duela iritzita.

Idomeniko kanpalekua. Artxiboko argazkia: EFE
Idomeniko kanpalekua. Artxiboko argazkia: EFE
Hazkunde ekonomikorako akordioak lotu behar direla esan du Txinak

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasi den G20 taldearen goi-bilerari harian, errefuxiatuen krisian konpromisoa handiagoa erakusteko eskatu diote Europar Batasuneko buruzagiek G20 taldeari. Halaber, siderurgia sektorean erreformak bizkortzeko eskaria egin diote Txinari.

Nazioarteko ekonomia dinamizatzeko mundu mailan sortu dituen espektatibei erantzuteko ere eskatu diote Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak eta Jean-Claude Juncker Europako batzordeko presidenteak G20 taldeari. "Krisi urteen ondoren hazkundea bultzatu eta konfiantza sor dezakegula erakutsi behar dugu", adierazi du Junckerrek.

Txinako Hangzhou hirian gaur biharretan egingo den goi-bileraren atarian Tuskek eta Junckerrek adierazi dutenez, G20 taldeak errefuxiatuen krisiari erantzun gehiago eman behar dizkio, Europak 'sakrifizio neurrigabea' egin duela iritzita. "Mundu mailako erantzun bat eskatzen duen mundu mailako erronka" dela adierazi ostean, krisi hori gainditzeko mekanismoak "muturrera iristen" ari direla nabarmendu du Tuskek.

Europako iturriek zehaztu dutenez, errefuxiatuen krisien zamaren zatirik handiena Europar Batasunak, Turkiak, Jordaniak eta Libanok hartu dute beren gain; aldiz, G20 taldea osatzen duten beste herrialde batzuek, Kanadak, Txinak, Errusiak edota Japoniak kasu, ez dute ezer egin eta AEBk "pixka bat" baino ez.

Siderurgia sektorean erreformak eskatu dituzte

Txinaren gehiegizko industria gaitasunak sortzen dituen arazoak -bereziki altzairuaren sektorean- eztabaidatzeko ere eskatu die Europako buruzagiek Txinako goi-bileran parte hartuko duten G20 taldeko herrialdeei. "Europar Batasuneko siderurgiaren interesak defendatzeko erabakia hartuta daukagu", esan du Junckerrek.

Hori dela eta, Txinako altzairuaren gehiegizko ekoizpenari jarraipena emateko mekanismo baten beharra nabarmendu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Europar Batasuna Europako herrialdei buruzko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan bideoak