Mundua -

Urriaren 2ko erreferenduma

Bake akordioari buruzko erreferendumeko galdera iragarri du Kolonbiak

'Babesten al duzu gatazkari amaiera emateko eta bake egonkor eta iraunkorra eraikitzeko lorturiko azken akordioa?' galderari erantzun beharko diote kolonbiarrek urriaren 2ko erreferendumean.

FARCek behin betiko su-etena iragarri zuen abuztuaren 29an. Artxiboko argazkia: EFE
FARCek behin betiko su-etena iragarri zuen abuztuaren 29an. Artxiboko argazkia: EFE
FARCek behin betiko su-etena iragarri zuen abuztuaren 29an. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Babesten al duzu gatazkari amaiera emateko eta bake egonkor eta iraunkorra eraikitzeko lorturiko azken akordioa?', kolonbiarrek galdera horri erantzun beharko diote Kolonbiako gobernuaren eta FARCen arteko bake akordioa berresteko urriaren 2an egingo den erreferendumean. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak gaur sinatu du erreferenduma deitzeko dekretua.

"Gaur bakea lortzeko beste pauso bat eman dugu. Eskerrak eman nahi dizkiot Errepublikako Kongresuari plebiszituaren deialdiari gehiengo nabarmenez eta epe laburrean abala emateagatik. Orain plebiszitua errealitate bat da", azpimarratu du.

Santos presidenteaz gain, haren Gobernuko ministroek ere sinatu dute erreferenduma deitzeko dekretua, eta Kolonbiako presidenteak esan du urriaren 2ko erreferendumeko galdera "argia eta erraza" dela, "nahasmendurik eragiten ez duena".

Juan Manuel Santosen esanetan, galderaren helburua bake akordioaren izenburuan agertzen diren hitzak herriak onartzen dituen ala ez argitzea da. "Ez dago nahasmendurako aukerarik. Ez da kolonbiarrek bakea nahi duten ala ez jakiteko galdera bat, azken akordioa babesten duten ala ez argitzeko baizik", zehaztu du.

Bake akordioak hautesle-erroldaren % 13aren babesa izan beharko du gutxienez, hots, 4.396.626 aldeko boto izan beharko ditu aurrera ateratzeko.

Kolonbiarrek bake akordioa berresten badute, Habanan bi aldeek adostutakoa aplikatzeko prozedura berezi bat abian jarriko du Kongresuak.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Gaurko azken orduko albistea Zer gertatu da Kolonbian?