Mundua -

Bake prozesua

FARCek behin betiko su-eten iraunkorra iragarri du

FARCek "azken batzarra" deitu du indar armatu gisa, irailaren 13-19rako, "legezko mugimendu politiko bihurtzeko".

FARCen eta Kolonbiako gobernuaren arteko su-etena martxan da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodrigo Londoño Echeverri 'Timochenko' Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak taldeko buruzagiak behin betiko su-eten "iraunkorra" iragarri du igandean, gerrillarien eta Kolonbiako Gobernuaren arteko 50 urte baino gehiagoko gatazkari amaiera emanda.

Hala, astelehenetik aurrera, FARCek ez du ekintza militar gehiago egingo Kolonbia osoan.

"FARCen Aginte Goren Zentraleko komandantea naizen heinean, astelehen 00:00etatik aurrera, Kolonbiako Estatuaren aurkako ekintzak bertan behera uztea agintzen diet gure buruzagi, unitate eta borrokalari guztiei", adierazi du Timochenkok.

"Honako hauek dira gure konpromisoak: altxamendu armatua bertan behera uztea, mugimendu politiko legal bihurtu, gizarteratzea adostutako baldintzetan egin, eta gure esku dagoen guztia egitea gatazka mingarriaren biktimek justizia eta ordaina izan dezaten. Eta zorroztasunez beteko dugu", 'El Espectador' hedabideak jasotako adierazpenetan gaineratu duenez.

Jarraipen batzordea

Akordioa aste honetan bertan itxi dute, ordezkaritzek gatazkaren amaierari buruzko eta berrespen eta egiaztatzeari buruzko puntuak adostu eta gero.

Horren ildotik, akordioaren seigarren puntuan, su-etena "ezartzeko eta egiaztatzeko moduak" jaso dituzte; horretarako, su-etena ezarri, jarraitu eta egiaztatuko duen batzordea sortuko dute.

Batzordea Gobernuaren eta gerrillaren hainbat kidek osatuko dute, "akordioaren osagaien jarraipena egin eta betetzen dela egiaztatzeko, eta desadostasunak konpontzeko, baita legea aplikatzeko eta bultzatzeko ere".

Halaber, batzorde gehigarria ere sortu da, nazioarteak "bat egin dezan hainbat modutan, behin betiko itunaren aplikazioa bermatzeko". Egiaztatzeari dagokionez, "herrialde bermatzaile eta laguntzaileek nazioarteko talde bat sortuko dute".

Aipatutako seigarren puntu hori aurretik adostutako bost puntuko akordioari gehitu zaio.

Azken batzarra

Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak taldeko Aginte Gorenak "azken batzarra" deitu du indar armatu gisa, irailaren 13-19rako, "legezko mugimendu politiko bihurtzeko".

"Ekitaldi horrek garrantzia historikoa izango du, eta, horri esker, Kolonbiako herriak eta munduak gure organizazioak armekin egingo duen azken biltzarraren nondik norakoak ezagutuko dute", adierazi dute.

Batzarra San Vicente del Caguan udalerriko Llanos del Yarin egingo dute. Bertan, "bake akordioak berretsi, eta FARC mugimendu politiko legal bihurtuko da, Habanan, Kuban, abuztuaren 24an iragarritako akordioak zehaztu zuen moduan".

Ibilbide luzea

Ekainaren 23an aldebiko eta behin betiko su-etena deitu eta armak alde batera utziko dituztela iragarri ostean, bi aldeak itunetan adostutakoak ixten saiatu dira, landa-garapenaren gaineko akordioetan, parte-hartze politikoari buruzkoetan, bidegabeko drogen gainekoetan eta biktimak erreparatzeko neurriei buruzko akordioetan jasotakoak, hain zuzen.

Oztopo handiak izan dira, eta krisi sakonak, baina 44 hilabetean egin diren negoziazioetan errespetua nagusitu da.

2015eko irailaren 23an, Habanan, Santos presidenteak eta Rodrigo Londoño "Timochenko" FARCeko nagusiak bostekoa eman zioten elkarri, eta irudi hori mundu osoan zabaldu zen.

Aurretik inoiz ikusi gabe zegoen irudia zen: Kolonbiako presidentea eta gerrillarien lider bat, elkarrekin, bake-giroan eta elkarri bostekoa ematen.

Bederatzi hilabete geroago, Habanan su-etenaren berri eman zutenean, errepikatu egin zen irudi hura, eta litekeena da ondorengo asteotan ere errepikatzea. Hurrengo hori, baina, Kolonbian izango da, amestutako bakea ixten dutenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kolonbiako albisteak gaur