Mundua -
Behin-behineko balantzea
297 hildako eta ia 400 zauritu, Italiako lurrikararen azken balantzea
Lehen dardara asteazken goizaldean jazo zenetik, ia mila erreplika izan dira. 238 lagun bizirik erreskatatu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Asteazkenean Italiako erdialdea astindu zuen lurrikarak (batez ere Lazio eta Markak eskualdeetan izan zuen eragina) 297 hildako eta ia 400 zauritu utzi ditu, ostiralean zabaldutako behin-behineko balantzearen arabera. Hala eman du jakitera Babes Zibilak; hain zuzen, zaurituen kopurua 388koa da.
Babes Zibilak esan duenez, Amatricen 224 lagun hil dira; Arquata del Tronton eta Pescara del Tronton, 49; eta Accumolin, 11. Halaber, 238 pertsona erreskatatu dituzte bizirik. Gainera, 2.500 pertsona inguru etxerik gabe gelditu dira lurrikaragatik.
'La Repubblica' egunkariaren esanetan, ostiral honetan bertan egin dituzte lehen hileta-elizkizunak Erroman eta Asciolin; izan ere, hainbat biktima Erroman bizi ziren, eta lurrikara izan den eskualdean zeuden, oporretan.
Erreskate-lanetan 2.000 bat lagunek dihardute Amatricen eta Accuolin (Rietin, Lazion), Arquata del Tronto eta Ascioli Pirenon (Marketan).
Amatriceko alkate Sergio Pirozzik ostegun gauean adierazi zuenez, herrian, oraindik, hamabi edo hamahiru desagertu daude, "tartean, bi ume".
Lurrikaratik bizirik irten direnek kalean igaro dute gaua, lurra asentatu zain. Lurrikara gertatu zenetik, 1.000 erreplika baino gehiago izan dira eta bizilagunak astindu gehiagoren beldur dira.
1.000 erreplika baino gehiago
Babes Zibileko iturriek berri eman dutenez, asteazkeneko lurrikararen 1.000 erreplika baino gehiago izan dira. Goizaldean, 04:50ean, 4 graduko erreplika bat izan da Ascoli Piceno probintzian. Halaber, asteazkenaz geroztik 1.332 lurrikara antzeman dituzte inguruan, 92 bart gauean.
Matteo Renzi Italiako Lehen Ministroak larrialdi-egoera ezarri zuen ostegun honetan, lurrikararen ondorioei behar bezala aurre egitea xede. Gobernuak 50 milioi euroko idazpen bat abiatu du, hasteko, kaltetuei laguntzeko asmoz.
"Berreraikitzea lehentasuna da, Gobernuarentzat eta herrialdearentzat", baieztatu du. "Ezin dugu ahaztu konpromiso morala dugula eskualde honetako gizon eta emakumeekin", adierazi du lehen ministroak prentsaurrekoan.
Estatu hileta egingo dute gaur, Ascoli Piceno udalerrian, lurrikararen ondorioz hildakoen omenez eta hildako lagunetatik 40 lurperatuko dituzte. Ordura arte dolu ofiziala agindu dute Italian eta, horrenbestez, banderak masta erdian egongo dira.
Hiri berriak baino hobeto, berreraikitzea
Ildo horretan bertan, Azpiegitura ministro Graziano Delriok baztertu du, 'Il Corriere della Sera' egunkariarekin izandako elkarrizketa batean, "hiri berriak eraikitzea"; hala egin zen 2009an, L’Aquilako lurrikararen ostean. Ministroak esan du uste duela "alkateek" nahiago dutela "herriak berreraiki, zeuden tokian bertan, ez zaharretatik alde egin beste nonbait berriak egiteko".
"Alkate egon naiz, eta Matteo Renzi ere bai. Gure hiriak gure historia dira, are gehiago Italiako bihotza islatzen duten herri txiki hauetan", berretsi du Delriok; ministroak galdegin du herritarren ahotsa entzutea.