Mundua -
Bake prozesua
Kolonbiako Gobernuak eta FARCek behin betiko bake akordioa adostu dute
Lau urteko negoziazioen ostean, bake negoziazioak bukatutzat eman dituzte. Gerrillak hurrengo hilabeteetan entregatuko ditu armak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lau urteko negoziazioen ostean, Kolonbiako Gobernuak eta FARCek amaitutzat eman dituzte bake negoziazioak, gaur goizaldean behin betiko akordioa adostu baitute, Habanan (Kuba) egindako ekitaldi batean iragarri dutenez.
Akordioa sinatzeko ekitaldia hurrengo asteetan egingo dute, Kolonbian, eta orduan abiatuko da gerrillak borroka armatua uzteko ezarritako 180 eguneko epea.
"Bukatu egin da gerra, eta aro berri bat hasiko da. Akordio honek atea irekitzen du kolonbiar gizartea eraldatzeko aro bat hasteko", esan du Humberto de la Calle Gobernuaren ordezkariak.
Horren esanetan, akordioa "bideragarria" da, "posible zen akordio onena", baina herritarrek urriaren 2an, galdeketa batean, berretsi beharko dutela gogoratu du.
"Batailarik ederrena irabazi dugu bakea", adierazi du Ivan Marquez FARCeko talde negoziatzailearen buruak.
Gerrillariak azaldu duenez, itun honekin "bukatu egin da armekin borrokatutako gerra, eta ideien eztabaida hasiko da". Izan ere, FARC mugimendu politiko bihurtuko da orain.
Gerrillariek sei hilabete emango dituzte bizitza zibilera salto egiteko prestatuko dituzten gune berezi batzuetan, eta, ondoren, FARCeko bozeramaileak Kongresuan izango dira 2018ra arte, "hitz egiteko aukerarekin baina botoa emateko aukerarik gabe". Urte horretan aurkeztu ahalko dira hauteskundeetara.
Poza eta emozioa
Poza eta emozioa islatu dira bi bake-ordezkaritzatako kideen aurpegietan. Kide guztiak zeuden gelan, eta Kolonbiako ereserkia abestu dute ekitaldi formal horren hasieran; amaitzeko, besarkadak eta zenbait argazki.
Ekainaren 23an aldebiko eta behin betiko su-etena deitu eta armak alde batera utziko dituztela iragarri ostean, bi aldeak itunetan adostutakoak ixten saiatu dira, landa-garapenaren gaineko akordioetan, parte-hartze politikoari buruzkoetan, bidegabeko drogen gainekoetan eta biktimak erreparatzeko neurriei buruzko akordioetan jasotakoak, hain zuzen.
Oztopo handiak izan dira, eta krisi sakonak, baina 44 hilabetean egin diren negoziazioetan errespetua nagusitu da.
2015eko irailaren 23an, Habanan, Santos presidenteak eta Rodrigo Londoño "Timochenko" FARCeko nagusiak elkarri eman zioten bostekoa mundu osoan zabaldu zen.
Inoiz ikusitako irudia zen: Kolonbiako presidentea eta gerrillarien lider bat, elkarrekin, bake-giroan eta elkarri bostekoa ematen.
Bederatzi hilabete geroago, Habanan su-etenaren berri eman zutenean, errepikatu egin zen, eta litekeena da ondorengo asteotan ere errepikatzea. Hurrengo hori, baina, Kolonbian izango da, amestutako bakea ixten dutenean.