Mundua -

Gutxienez 51 hildako

Turkiako atentatuaren egilea 12 urteko ume bat izan zen

Erdogan Turkiako presidentearen esanetan, 12 edo 14 urteko nerabe bat izan zen atentatu suizida egin zuena.

Atentatua n izandako biktimen omenezko hileta. Argazkia: EFE.
Atentatua n izandako biktimen omenezko hileta. Argazkia: EFE.
50 hildako Turkian, ezkontza kurdu baten aurkako atentatuan

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak gaur baieztatu duenez, atzo gauean Gaziantep hirian (Turkiako hegoaldea) ezkontza kurdu baten aurka egindako atentatuaren egilea 12-14 urteko nerabe bat izan zela.

Sarraskia "12-14 urte bitarteko erasotzaile batek gauzatu zuen, zeraman lehergailua eztandarazita edota urrundik lehertuta, esan du NTV kateak zuzenean emandako agerraldian.

"Gure segurtasun erakundeek dituzten lehendabiziko arrastoen arabera, Daesh-i egozten diote ardura (Estatu Islamikoa talde jihadista), eta horren inguruan ari dira lanean", gaineratu du Erdoganek.

Biktimen kopurua 51ra igo da. Aldiz, hasiera batean izandako 94 zaurituetatik 69 ospitaletan jarraitzen dute, horietatik 17 larri egonik.

"Egia da azkenaldian Daeshek Gaziantepen azpiegitura edota posizio hori zeukala hizpide egon dela. Hainbat operazio egiten gabiltza, eta, gure segurtasun-indarrak are eta lan sendoago egiten jarraituko dute".

Halaber, azpimarratu du ez dagoela alderik "PPK Kurdistango Langileen Alderdiaren, FETO uztailean estatu-kolpea ematen saiatu zenaren eta Gaziantepeko erasoan Estatu Islamikoak izan lezakeen erantzukizunaren artean".

FETO da Fetula Gulen elizgizonaren ingurua; Guleb Erdoganen aliatua zen, baina orain Estatu Batuetan bizi da, eta Ankarak deitutako Estatu Egitura Paraleloa-Erakunde Terrorista Fetulistaren burua da.

Turkian azken hiru asteotan izandako laugarren atentatua da.

"Pazientzia eta indarra"

Binali Yildirim lehen ministroak erasoa salatu du, ohar baten bidez; agiria bere webgunean dago, eta, bertan, "pazientzia eta indarra" eskatzen dizkio herrialdeari.

"Gizateriaren etsai handia da ezkontza baten aurka egiten duena, ez baitu balorerik errespetatzen; ezkontza bat dolu-gune bilakatu dute", dio oharrean.

"Erakunde terrorista zital honen aurkako borrokan jarraituko dugu; errugabetasunaren eta bizitzaren aurka egiten du", adierazi du oharrean, arduradunak nortzuk diren zehaztu gabe.

Mehmet Simsek lehen ministrordeak, NTV katean, nabarmendu du non dagoen Gaziantep: Siriako mugatik 50 bat kilometrora. Bertan, talde armatu siriar askok babesleku izaten dute.

Azpimarratu zuen zenbait talde etniko egoten direla elkarrekin, hala nola turkiarrak, kurduak eta arabiarrak, eta goraipatu du nolako erantzuna eman duen jendeak, erasoaren aurka.

Eskatu du "probokaziorik" ez egoteko, baina ez du zer esan balizko egileen gainean.

Ezkonberriak HDP kurduen aldeko alderdiko kideak ziren

HDP ezkerreko alderdiak, kurduen aldekoa bera, zehaztu du ezkonberriak alderdi horretako kideak zirela.

"Gaitzesten ditugu erasoa jo dutenak, eta euren ekintzen atzean dauden indar eta ideologiak", esan dute prentsari bidalitako ohar batean.

Litekeena da atentatua suizida batek egin izatea, Mehmet Erdogan AKP alderdiko diputatuak esan dionez.

Gaziantep Turkiako hego-ekialdean dago, eta bertako herritar gehienak kurduak dira; tentsioa egoten da HDP alderdiaren aldekoen eta Estatu Islamikotik gertu daudenen artean.

Estatu Islamikoak Turkian egin zuen lehen eraso suizidaren ondorioz (2015eko uztailean) kurduen aldeko ezkerreko militanteak ziren; Gaziantepetik gertu jazo zen eraso hura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Atentatuak Estatu Islamikoa Jihadismoa hoy Gaurko azken ordukoa Turkia