Mundua -

Nigeria

Boko Haramek Chibokeko neskatoen bideo bat zabaldu du

"Gose gara, hiltzen ari gara", dio gazteetako batek. 2014ko apirilean bahitu zituzten, eta batzuk hil dira, grabazioan hitz egiten duen milizianoaren arabera.

Boko Haramek gaur zabaldutakoaren bideoaren irudi bat. Argazkia: EiTB.
Boko Haramek gaur zabaldutakoaren bideoaren irudi bat. Argazkia: EiTB.
Boko Haramek gaur zabaldutakoaren bideoaren irudi bat. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boko Haram talde terroristak beste bideo bat zabaldu du igande honetan, non agertzen diren 2014ko apirilean Chibok herrian bahitu zituen neskatoetako zenbait. Grabazioan, gazteek ahalegina eskatzen diote Nigeriako Gobernuari, xede izanik haien askatzea lortzea.

"Gose gara, hiltzen ari gara", dio neskatoetako batek; taldearen izenean, honako eskaera egiten die familiakoei: "Hitz egin Nigeriako Gobernuari, haiekin bil dadin (Boko Haramekin), etxera bueltatzen utz diezaguten".

Bideoan (11 minutuko iraupena du), Boko Harameko miliziano batek abisua helarazten die agintariei: "Ez saiatu neskato hauek askatzen indarkeria erabiliz; hori egiteko indarra eta gaitasuna duzuelakoan egonez gero, etorri haien bila… eta erakutsiko dizuegu nolako gaitasuna dugun geuk". Hala dio 'Daily Post' egunkariak egindako itzulpenak. Milizianoak berretsi du zer den gazteak askatzeko eskatzen dutena: atxilotuta dauden euren kideak kartzelatik ateratzea.

"Gurasoek Gobernuari eska diezaioten, gure anaiak kartzelatik irtetea"

"Mezu hau, lehenik eta behin, neskato hauen gurasoei helarazi nahi diegu, jakin dezaten haietako batzuk gurekin daudela oraindik, eta, horrez gain, Nigeriako Gobernu Federalari, ahalik eta lasterren kartzelan dauden gure anaiak aske utz ditzan", adierazten du irudietan.

Boko Harameko bozeramaileak dioenez, "neskatoetako 40 bat ezkondu dira, Jainkoaren baimenarekin"; beste batzuk, aldiz, "hil dira, fedegabekoen bonbardaketen ondorioz", esan du, Gobernuaz hitz egiten.

Nigeriako Informazio ministro Lai Mohammedek azaldu du Gobernuak gogoan hartzen duela bideoa, eta nabarmendu du agintariek "kontrolpean" dutela egoera, neskatoak askatzeko.

"Nola aurrekoan ere jaso izan dugun hau bezalako kontakturen bat, erabat baieztatu nahi dugu bideoaren jatorria". Bahiketa egin zutenetik, bigarren bideoa da hau; lehena, neskatoak bahitu eta berehala bidali zuten, egiaztatzeko gatibuak bizirik zeudela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Munduko albisteak Bahiketak albisteak Estatu islamiarra berriak Jihadismoa Eguneko albisteak