Mundua -
Turkia-Errusia
Erdoganek eskerrak eman dizkio Putini, babesa agertzeagatik
"Estatu kolpea jazo eta minutu gutxira egin zigun deiak asko poztu gintuen", esan du Erdoganek San Petersburgon egindako bileran.
Agentziak | Erredakzioa
Recep Tayip Erdogan Turkiako presidenteak eskerrak eman dizkio Vladimir Putin Errusiako buruari, Estatu kolpe saiakeraren lehen minutuetan babesa agertu ziolako.
"Haren deiak asko poztu gintuen", esan du Erdoganek San Petersburgon egindako bileran.
Horren ildotik, Putinek adierazi du Errusia "beti" dagoela "konstituzioaren aurkako jokaeren aurka".
"Espero dut Edoganekin herri turkiarrak arazo hau konpontzea eta ordena konstituzionala berrezartzea", gaineratu du.
Erdoganek Errusiara egindako bidaia hau lehenengoa da Estatu kolpe saiakeratik.
Errusiako hegazkina
Turkiako eta Siriako mugan Errusiako ehiza-hegazkina lurrera botatzeagatik barkamena eskatu zuen Erdoganek ekainaren amaieran. Hegazkineko pilotu bat tirokatu zuten, paraxutarekin jaisten ari zenean.
Turkiaren barkamenak harremanak normalizatzeko aukera eman zuen; izan ere, 2015eko azaroaren eta 2016ko ekainaren artean harremanak etenda egon ziren. Horrek kostu politikoa ez-ezik, galera ekonomiko handiak sortu zituen.
Elkarrizketan, Siriako gatazka eta terrorismoaren aurkako borroka lehentasuna izango direla aurreratu du Kremlinak.
Errusiak Bachar al Asaden erregimena babesteko esku hartu zuen gatazkan. Al Asad, aldiz, Erdoganen etsai amorratua da. Hala, Turkiako buruzagiak oposizio armatuari lagundu dio.