Mundua -

Hauteskundeak AEB-n

Krisi errepublikanoa, Trump kontrolatu ezinda

Buruzagi errepublikanoek aldaketa bat eskatu diote presidentegaiari, azken egunetako adierazpen eta agerraldi tamalgarrien ondoren. Kahn familiarekin izandako istiluak oihartzun handiena izan du.

Donald Trump presidentegai errepublikanoa. Argazkia: EFE
Donald Trump presidentegai errepublikanoa. Argazkia: EFE
Donald Trump presidentegai errepublikanoa. Argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Buruzagi errepublikanoak ikaratu dira, Donald Trump Etxe Zurirako hautagaia kontrolatu ezinda baitabiltza. Horrela, aldaketa erradikala eskatu diote presidentegaiari, azken egunetako adierazpen eta agerraldi tamalgarrien ondoren. Hala ere, handi-mandiak dena kontrolpean dagoela adierazi du.

Frustrazioa handia da buruzagi kontserbadoreen artean eta Trump presidentegai bezala mantentzea oraindik posible den zalantza dute; izan ere, alderdiarentzako hondamendia izan liteke.

NBC telebistak jakitera eman duenez, Reice Priebus Batzorde Nazional Errepublikanoko (RNC) presidentea, Rudy Giuliani New Yorkeko alkate ohia eta Newt Gingrich Ordezkarien Ganberako presidente ohia kanpaina bideratzeko lanean ari dira.

Barne-hauteskunde errepublikanoetan 16 aurkari gainditu ondoren, Trumpek "AEBko presidentea izateko trantsizioa" egin ez duela adierazi du Gingirchek Fox telebistan.

"Orain izaten ari den jokabidearekin ezin du Presidentetza irabazi", ohartarazi du Gingrichek. Haren kanpainarentzako "oso kaltegarria" izaten ari dela erantsi du.

Kanpainarekin ados ez dagoela azaltzeko Trumpi deitu zion Priebusek asteartean. Konkretuki, Iraken hildako soldadu estatubatuarraren guraso musulmanekin izandako liskarra aurpegiratu zion RNCko presidenteak handi-mandiari.

Trump ordezkatu

ABC telebistak azaldu duenez, frustrazioa oso handia da eta alderdiko goi-funtzionarioak Trump ordezkatzeko aukera aztertzen ari dira, handi-mandiak hautagaitzari uko egiten baldin badio. Prozedura aurreikusten du RNCren araudiak eta erabakia batzordeko 168 kideen eskuetan egongo litzateke.

Hala ere, presidentegai bat baztertzeko mekanismorik ez dago eta lehia utziko duela pentsatzeko keinurik ez du egin orain arte.

"Nire kanpainan batasun handia dago, baliteke sekula baino estuagoa izatea. Babes handia eskertu nahi dizuet guztiei", esan du Trumpek Twitter sare sozialean.

 Khizr Khan AEB efe

Khizr Khan, Humayun Khan kapitain musulmanaren aita, Ghazala Kahn emaztea aldamenean duela. Argazkia: EFE

Khan familiarekin istilua

Kahn familiarekin izandako istiluak oihartzun handiena izan du. AEBra Pakistanetik heldu ziren eta semea Irakeko gerran hil zen. Trumpen jokabidea aurreikustea ezinezkoa da eta hauteskunde-kanpaina batean orain arte ez da halakorik ikusi. Horrek errepublikanoen artean alarma sortu du.

Asteartean, handi-mandiak negarrez ari zen haurtxo bat eta haren ama bere hitzalditik kanporatu zituen Ashburnen (Virginia). Gainera, azaroko hauteskundeetan bere aurkako "iruzurra" gerta daitekeela ohartarazi du. Clinton "deabruarekin" alderatu du Trumpek.

Buruzagi errepublikanoek Trumpi babesa kendu behar diotela adierazi du Barack Obama AEBko presidenteak. Trump "zoritxarrez ez dago Etxe Zuriko maizterra izateko prest", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB 2024 Gaurko azken ordukoa Donald Trump albisteak