Mundua -
Rio 2016
Olinpiar Jokoetan polizia kopurua % 33 igoko du Riok
Guztira, ia 55.000 agente, tartean 22.000 militar, izango dira hiria jagoten.
Agentziak | Erredakzioa
Segurtasuna bermatze aldera, Rioko gobernuak hasiera batean aurreikusitakoak baino 3.503 agente gehiago (% 33 gehiago) jarriko ditu lanean Olinpiar Jokoek dirauten artean. Guztira, 13.917 polizia izango dira kalean.
Abuztuaren 5etik 21era eskatutako opor eta baimen berezi guztiak bertan behera utzi ditu Poliziak, eta lan burokratikoetan ibiltzen diren agenteak ere kalean izango dira, Edison Duarte Rioko Poliziako komandanteak jakinarazi duenez.
3.500 agente horietatik 634 "baketsuago" egindako favelak zaintzen jarriko dituzte. Izan ere, favelok kontrolatzen zituzten narkotrafikatzaile taldeak kanporatzeko operazio ugari egin ditu azkenaldian Rioko Poliziak.
Guztira, ia 55.000 agente, tartean 22.000 militar, izango dira Jokoen segurtasuna bermatzeko.
Rio de Janeiro militarrez eta poliziez josita dago. Dena dela, lapurretak eta segurtasunarekin lotutako salaketa ugari izan dira azken egunetan.
Ez aurre egin lapurrei
Bien bitartean, Riora joango direnek kontuan hartu beharreko segurtasun neurriak gogorarazi ditu Espainiako Atzerri Ministerioak.
Ministerioaren esanetan, "Brasil krimen kopuru handiko herrialdea da". Hori horrela, lapurreta baten biktima izatekotan, "aurre ez egiteko" gomendioa eman du, "nahiz eta adingabeak izan". Izan ere, Ministerioak nabarmendu duenez, "adingabeak izanik ere, lapurrak armatuta joan ohi dira, eta askotan, drogatuta daude".
"Rio de Janeiroko ezein auzo ez da segurua. Armaz egindako lapurretak dira ohikoenak. Horiek saihesteko, badaezpadako neurriak hartu eta egon erne. Gauez ez atera kalera bakarrik", aholkatu du Atzerri Ministerioak. "Bitxiak, erlojuak, kamerak eta sakelako telefonoak" agerian ez edukitzea ere gomendatu du.