Mundua -
Hauteskunde batzordea
Venezuelak Maduroren aurkako referendumari ateak ireki dizkio
Bestalde, MUD oposizioko aliantzak ustez egindako irregulartasunak ikertzeko prozedura martxan jartzea eskatu dio CNEk Ministerio Publikoari.
Agentziak | Erredakzioa
Hiru hilabete geroago, oposizioak Nicolas Maduro estatuburuaren aurkako referenduma egin ahal izateko ateak zabaldu ditu Venezuelako Hauteskunde Batzordeak. Chavismoaren kontrakoek urtea bukatu baino lehen prozedura amaitzea lortu behar dute.
“24 estatuek % 1eko gutxieneko baldintza gainditu dute”, jakitera eman du Tibisay Lucena Hauteskunde Batzordeko presidenteak agerraldi labur batean.
Hala, MUDek Venezuelako presidentearen aurkako referendum bat bultza dezakeela onartu du CNEk. Orain oposizioak bi eguneko epea du batzordearen aurrean referenduma formalki eskatzeko.
Bestalde, Hauteskunde Batzordeak beste 15 egun izango ditu MUDen eskaerari erantzuteko. Ondoren 15 eguneko epea izango dute hauteslekuak prestatzeko, gutxienez lau milioi pertsona (erroldaren % 20) Maduroren aurkako referendumaren alde agertzeko. Galdeketa egin baino lehen azken pausoa izango litzateke.
Ustezko irregulartasunen ikerketa
Era berean, MUD oposizioko aliantzak ustez egindako irregulartasunak ikertzeko prozedura martxan jartzea eskatu dio CNEk Ministerio Publikoari.
Maduro kargutik kentzeko egitasmoak aurrera egingo ote duen zalantzatan jartzen du erabakiak; izan ere, referenduma aurten egiteko epeak bete ahal izango dituen ez dago batere argi. Hauteskundeak deitzea posible den epe bakarra da.
Galdeketa eskatzeko, sinadurak biltzeko garaian oposizioak ustez egindako iruzurra behin baino gehiagotan salatu dute Madurok eta ofizialismoak.