Mundua -

Eskandalua

Guantanamo dirudi, baina Australiako adingabe-zentro bat da

Telebista-kate batek erakutsi du Australiako zentro batean torturak egiten dizkietela adingabeei.

Torturak Australian
Torturak Australian
Australiako zentro batean torturak egiten dizkiete adingabeei

2:20

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Malcolm Turnbull Australiako lehen ministroak iragarri du ikerketa abiatuko dutela herrialdearen iparraldean dauden adingabe-zentroetan, tortura kasu baten berri izan ostean.

"Four Corners" ABC telebista-kateko saioak Don Dale zentroko (Berrimah, Ipar Lurraldea) irudiak emititu ditu bart. Horietako batean, adibidez, nerabe bat ikus daiteke, aulki batera lotuta, eta aurpegia kaputxa batekin estalita. Beste batean, zaindariak ageri dira, ziega batean gas negar-eragilea jaurtitzen. Oro har, torturak ikus daitezke, zentroko segurtasun kamerek grabatuta.

Horren ildotik, Turnbull "hunkituta" agertu da, eta Ipar Lurraldeko zentroetan torturen erabilera sistematikoa ote den ikertuko dutela aurreratu du.

ABCko irudiak ikusi ostean, Australiako Gobernuak hartutako lehen neurrietako bat izan da John Elferink Ipar Lurraldeko Espetxe Zerbitzuetako ministroa kargugabetzea.

Irudiek hautsak harrotu dituzte herrialdean, eta politikariek, eragile sozialek eta GKEk gaitzetsi egin dituzte torturak.

John Lawrence abokatuak, adibidez, adierazi du aipatutako zentroko adingabeek Guantanomoko presoen tankerako tratua jasotzen dutela.

Ipar Lurraldean, adingabe-zentroetan dauden pertsonen % 96 aborigenak dira, eta horietako asko senideek abandonatu dituzte.

Australia torturak

Argazkia: EFE

ABCren saioan ageri den biktimetako bat Dylan Voller (17 urte) da. Irudiotan, eserleku batean kateatuta ikus daiteke, buruan arnastea zailtzen dion kaputxa zuri bat duela. Hanketatik, besoetatik eta lepotik kateatuta dago, bere buruari min egiten saiatu zelako 'zigortzeko'.

Beste irudi batean, zaintzaileak ageri dira, dozena erdi gazte dauden ziega batean gas negar-eragilea jaurtitzen, barre egiten ari diren bitartean.

10 eta 17 urte arteko aborigenak Australiako presoen % 59 dira. Herrialdean 23 milioi biztanle daude, eta, horietatik, 450.000 dira aborigenak, Amnistia Internazionalen arabera.

Aborigenak sistematikoki baztertu egin izan dituzte Australian, eta, gainera, lurren jabegoa kendu diete.

Are gehiago, XX. mendean bertan, seme-alabak ere kendu zizkieten, familia zuriei emateko. Orotara 100.000 adingabe aborigen 'ostu' zituzten 1910etik 1970era. "Belaunaldi galdua" deitzen diete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gizarte zerbitzuak Delituak bideoak Gaurko azken orduko albistea Australia Umeak albisteak Ozeania azken ordukoa