Mundua -
Thailandia
9 gorpu atzeman dituzte Central World merkataritza-gunean
Asiako hego-ekialdeko handiena zen, baina su eman zioten asteazkenean, Armadak "alkandora gorri"en kanpamendua indarrez hustu eta gero.
Erredakzioa
Thailandiako larrialdi zerbitzuek iragarri dute bederatzi gorpu aurkitu dituztela Bangkokeko Central World merkataritza-gunearen hondakinen artean, asteazkenean Armadak "alkondara gorri"en kanpamendua indarrez hustu eta gero piztutako istiluen ostean.
Nolanahi ere, bozeramale batek ohartarazi du oraindik ez dituztela datu horiek alderatu biktimak jasotzen ari den Fundazioarekin.
Bestalde, Abhisit Vejjajiva lehen ministroak ziurtatu du Segurtasun Indarrek kontrolpean daukatela jada egoera Bangkoken.
Telebistaz eskainitako hitzaldi batean, agintariak esan du Gobernuak beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko dituela egoera normaldu eta ekintzaileekin elkarrizketak hasteko.
Bere esanetan, duela bi hilabete "alkandora gorriak" kalera ateratzen hasi zirenetik "gertatutako guztia" argitzeko ikerketa independentea abiatuko dute. Izan ere, denbora horretan gutxienez 84 pertsona hil dira.
Halaber, Thailandiako gobernuburuak konpromisoa hartu du 2006an Thaksin Shinawatra lehen ministroa estatu-kolpe batez agintetik kendu zutenetik herrialdean izan den zatiketarekin amaitzen saiatzeko.
Bestalde, poliziak eta soldaduak zenbait eraikin miatzen ari dira gaur goizean Bangkoken, "alkandora gorriek" ihesean utzitako balizko bonbak eta armak topatzeko.
Eraikinetako batzuk Four Seasons eta Grand Hyatt luxuzko hotelak dira.