Mundua -
Kolpea Ankaran eta Istanbulen
Estatu kolpea Turkian
Herrialdeko Armadak esan du bere gain hartu duela agintea, baina lehen ministroak ohartarazi du kolpeak ez duela arrakasta izango. Ez dago argi benetan nork duen kontrola une honetan.
eitb.eus
Binali Yildirim Turkiako lehen ministroak baieztatu du Estatu kolpe saiakera bat martxan dagoela bere Gobernuaren aurka.
Agiri batean, Armadak esan du bere gain hartu duela agintea herrialdea osoa, "demokrazia berrezartzeko", baina Gobernuak dio kolpeak ez duela arrakastarik izango.
Horrenbestez, ez dago argi nork kontrolatzen duen herrialdea une honetan.
"Armadak bere gain hartu du agintea. Nazioarteko itun guztiek indarrean jarraituko dute. Herrialde guztiekin harreman onak izaten espero dugu", esan dute militarrek.
Anadolu agentziaren arabera, Estatu Nagusiko burua, Hulusi Akar jenerala, bahituta dute hainbat soldaduk.
Turkiako hedabideen esanetan, hainbat militar hedatu dira Ankaran eta Itanbulen, herrialdeko bi hiri nagusietan.
Gainera, Ankaran, hiriburuan, tiroak entzun dira. Halaber, Istanbulen bertan behera utzi dituzte hegaldi guztiak.