Mundua -
gaitzespen elkarretaratzeak
Gaitzespen elkarretaratzeak egin dituzte Nizako atentatuen kontra
Eusko Jaurlaritzak elkarretaratze isilak egin ditu bere egoitza guztietan eguerdiko 12:00etan, baita EAEko hiriburuetan ere.
eitb.eus
Euskal erakundeek 5 minutuko elkarretaratze isilak deitu dituzte gaur eguerdiko 12:00etarako, bart Nizan (Frantzia) jazo den atentatua gaitzesteko asmoz. Kamioi batek uztailaren 14ko ospakizun-ekitaldiak ikusteko hiriko itsas pasealekuan bilduta zegoen jendearen aurka egin du, eta, ondorioz, 84 pertsona hil dira.
Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak 5 minutuko elkarretaratze isilak egin ditu bere egoitza guztien aurrean, eta Iñigo Urkullu lehendakaria Jaurlaritzak Lakuan duen egoitza nagusian izan da. Alabaina, aurretik ,Jon Darpon Osasun sailburuarekin batera, beste ekitaldi batean parte hartu du lehendakariak, Arrasaten (Gipuzkoa), eta bertan Nizako atentatu "basatiagatik atsekabea" azaldu die lehendakariak Frantziako buruzagiei. Eraso terrorista gaitzetsi ondoren, "Europan bakea, elkarbizitza eta askatasunaren aldeko konpromisoa" azpimarratu du lehendakariak, "segurtasun komuneko marko batean".
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko eta Donostiako eta Gasteizko udalek ere, beste hainbat erakunderekin batera, gaitzespena agertzeko elkarretaratze propioak egin dituzte beren erakunde nagusien egoitzen aurrean, baita Nafarroako Gobernuak ere.