Mundua -
Eraso terrorista
84 hildako Nizan, atentatu batean
Kamioi batek jai nazionalaren ospakizunetan zegoen jendetzaren kontra egin du. 52 zauritu oso larri daude. Kamioi gidaria identifikatu eta hil du Poliziak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Egun odoltsua izan da 2016ko uztailaren 14a, Errepublikaren eguna, Frantzian. Dozenaka pertsona hil dituzte Nizan, atentatu terrorista batean. Herri turistiko honetako Ingelesen Pasealekuan bilduta zegoen jendetzaren kontra egin du kamioi batek, eta sarraskia eragin du. Pasealekua jendez lepo zegoen, jaia dela eta, su artifizialak ikusten ari zirelako.
Azken datu ofizialen arabera, gutxienez 84 lagun hil dira, tartean 10 ume eta nerabe. Gainera, 202 pertsona zauritu dira, eta horietatik 52 oso larri daude, hil edo bizi. Terrorismoaren aurkako Fiskaltza ari da ikerketa zuzentzen.
Kamioiaren gidaria tiroz hil du Poliziak, Ingelesen Pasealekuan bi kilometro inguruko ibilbidea egin ondoren. Lekukoen arabera, ziztu bizian -90 km/h- joan da eta ezker eskuin mugimenduak eginez, ahalik eta jende gehien harrapatzeko, nonbait.
Ibilgailu barruan pistola bat eta faltsuak ziren arma luze ugari eta granada bat topatu dituzte. Kamioia alokatutakoa zen. Ibilgailuaren kabinan bildu dituzten hatz markei esker identifikatu dute terrorista: tunisiar jatorriko 31 urteko frantses bat da.
Adituak, kamioiaren kabinan probak hartzen. EFE
Hatz-markok ibilgailuan topatutako nortasun agiriaren jabearenarekin alderatzen ari dira orain. Tunisiar jatorriko 31 urteko frantziar baten agiria da topatutakoa. Gizonak aurrekariak zituen, baina ez terrorismoagatik.
Hollande: "Ez dago horren izaera terrorista ukatzerik"
François Hollande Frantziako presidentea Avignon hirian zegoen, eta Parisera itzuli da, Barne Ministerioak deitu duen larrialdiko bileran parte hartzeko.
Urgentziazko agerraldi batean, goizaldean (03:30), eraso terroristatzat jo du erasoa. "Ez dago horren izaera terrorista ukatzerik", esan du Hollandek. Buruzagiaren ahotan, "Frantzia osoa terrorismo islamistaren mehatxupean dago".
Estatu Islamikoak ez du atentatua bere gain hartu, baina haren jarraitzaile batzuek sarraskia ospatu dute sare sozialetan.
Larrialdi egoera beste hiru hilabete luzatzea erabaki dutela iragarri du Hollandek, uztailaren 26an, Frantziako Tourra amaitu ondoren, bertan behera utzi behar bazuten ere.
Bestalde, Sentinelle operazioa mantenduko dutela iragarri du Frantziako presidenteak. Hala, 10.000 soldadu zabalduko dituzte. Jendarme eta poliziei laguntzeko, "erreserba deitzea" erabaki dute, batez ere mugak zaintzeko.
Hilotzez betetako eremua bilakatu da Ingelesen Pasealekua erasoaren ondotik. EiTB
Hiru dolu egun
Manuel Valls Frantziako lehen ministroak nabarmendu duenez, bestalde, bart Nizan izandako "ekintza terroristak" agerian utzi du "gerra egoeran" daudela, baina hala izanagatik ere, Frantzia ez dutela garaituko.
"Frantzia demokrazia handia da, eta ez du amore emango", esan du Francois Hollandek zuzendutako segurtasun eta defentsa batzordearen bilera egin ondotik eskainitako agerraldian.
Vallsen hitzetan, Hollandek hiru dolu egun ezarri ditu larunbatetik aurrera, "biktimen omenez". Ostiral honetatik, bestalde, eraikinetako banderak masta erdian egongo dira.
Valls, segurtasun eta defentsa batzordearen bileraren ondotik egindako agerraldian. EFE
Mohamed Lahouaiej Bouhlel
Nice Matin bertako egunkariak zehaztu duenez, Mohamed Lahouaiej Bouhlel tunisiar jatorriko 31 urteko frantziar bat da, baina hori ez dute oraindik ofizialki baieztatu.
Bouhlelek aurrekariak zituen, baina ez terrorismoagatik.
Pertsona batzuek bala zauriak dituzte. Ustezko terroristak erabilitako kamioiak 20 bat tiro jaso ditu aurreko kristalean.
Hasiera batean, bahituen eta erasoaren konplize armatuen berri eman dute Nizako kaleetan, baina Pierre-Henri Brandet Barne Ministerioko bozeramaileak gezurtatu egin du informazio hori.
Gaitzespen mezuak
Nazioarteko zein EAEko eta Nafarroako agintariek gogor gaitzetsi dute Nizako atentatua, eta salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte.