Mundua -
Brexit
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa da jada
Boris Johnson Londresko alkate ohi polemikoa Atzerri ministro izendatu du agintariak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Theresa May kontserbadorea Erresuma Batuko lehen ministro bihurtu da asteazken honetan, Elizabeth II.a erreginak gobernua osatzea agindu ondoren.
May estatuburuarekin batzartu da gaur arratsaldean, Buckinghameko jauregian, David Cameron agintari ohiak ofizialki dimisioa eman eta gero.
Downing Street kaleko etxebizitza ofizialean egindako adierazpen batean, Mayk adierazi du Erresuma Batuak “aldaketa handiei” egingo diela aurre, eta aurreratu du bere gobernuak justizia sozialaren alde egingo duela lan.
Brexitari dagokionez, Erresuma Batua “egoerak eskatzen duen mailan” egongo dela nabarmendu du, eta emaitza “positiboa” izango dela gaineratu du.
Agintari kontserbadoreak goratu egin du David Cameronek egindako lana, eta, besteak beste, ekonomia egonkortu izana, defizita murriztu izana eta “milaka pertsonari” lanpostua eman izana aipatu ditu.
“Daviden benetako lorpena, baina, justizia soziala izan da”, esan du Mayk.
Erresuma Batuko lehen ministro berria astelehenean izendatu zuten alderdi kontserbadoreko burua, barne bozketa baten ondoren.
Mayk aurreratu du oraingoz ez duela aktibatuko Lisboako Itunaren 50. artikulua, hau da, Europar Batasunetik ateratzeko bi urteko epea ezartzen duena. Gutxienez, urte bukaeran egingo du.
Izendapenak
Kargura heldu bezain pronto, May Gobernu berriko kideak iragartzen hasi da. Bi iragarri ditu dagoeneko: Boris Johnson Londresko alkate ohi polemiko eta brexitaren defendatzaile sutsua Atzerri ministro izango da, eta orain arte kargu horretan izan den Philip Hammond, aldiz, Ekonomia ministro.
Amber Rudd izango da Barne ministroa; David Davis, Europar Batasunetik ateratzeko ministroa; Michael Fallon, Defentsa ministroa; eta Liam Fox, Nazioarteko Komertzio ministroa.