Mundua -

Erresuma Batua

Cameronek asteazkenean utziko du kargua, eta Theresa Mayk hartuko du

Egun horretan, agerraldia egingo du Parlamentuan, eta, ondoren, dimisioa emango du erreginaren aurrean.

Theresa May, Britainia Handiko lehen ministro izateko hautagai bakarra

1:54

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak iragarri du asteazkenean utziko duela kargua, eta Theresa May Barne ministroak hartuko duela lekukoa.

Downing Streeten egindako agerraldi batean, agintari britainiarrak azaldu du egun horretan Parlamentuan izango dela, diputatuen galderei erantzuteko, eta, ondoren, Buckingham Palaceko jauregira joango dela, Elizabeth II.a erreginaren aurrean dimisioa emateko.

"Bihar (asteartean) gobernuaren azken bilera zuzenduko dut eta asteazkenean Komunen Ganberara joango naiz galderen saiorako. Ondoren, Jauregira joango naiz nire uko egitea eskaintzeko. Asteazken arratsaldean beste lehen ministro bat izango dugu", adierazi du.

Andrea Leadsom Energiako estatu idazkari britainiarrak uko egin dio David Cameron lehen ministroa ordezkatzeko aukerari, eta, horren ondorioz, Theresa May da alderdi kontserbadoreko buruzagitza lortzeko hautagai bakarra.

Joan den astean izan ziren bozketen ondoren, Leadsom eta May ziren Cameron ordezkatzeko hautagai bakarrak, Michel Gove Justizia ministroa, Stephen Crabb Lan eta Pentsioen arduraduna eta Liam Fox Defentsako arduradun ohia kanpoan geratu baitziren.

Leadsomek ere agerraldia eskaini du astelehen honetan bere etxebizitzaren ondoan, hautagaitzari uko egitearen arrazoiak emateko, eta azaldu du Erresuma Batuak lehen ministro berria behar duela "lehenbailehen", gaur egungoa bezalako egoera batean bederatzi asteko barne prozesu bat hastea "ez litzatekeelako oso egokia" izango.

Mayk Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko prozesua zuzendu beharko du, eta, horren ildotik, Lisboako Itunaren 50. artikulua noiz ezarri erabaki beharko du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Erresuma Batua bideoak David Cameron Brexita Zer da Brexita Theresa May