Mundua -
Madrilgo goi-bilera
EB-Mercosur aliantza "erraza" izango ez dela onartu du Zapaterok
Dena den, "krisi ekonomikoa, aldaketa klimatikoaren aurkako borroka eta energia arazoak" bezalako gai erabakigarrietan "bazkidetzat" ezagutzen direla azpimarratu du Zapaterok.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero, Espainiako Gobernuko presidenteak eta goi-bilerako anfitrioiak Hogeita zazpien eta Mercosurren (Brasil, Argentina, Paraguai eta Uruguai) arteko hitzarmen komertziala "erraza" izango ez dela onartu du.
Europar Batasuneko (EB), Latinoamerikako eta Karibeko estatuburuek eta gobernuburuek batzarra dute gaur Madrilgo Ifema erakustazokan, euren aliantza indartu eta krisi ekonomikoari eta klima aldaketari eta beste hainbat erronkari batera aurre egiteko helburuz.
Zentzu horretan, "krisi ekonomikoa, finantza egonkortasunaren etorkizuna, aldaketa klimatikoaren aurkako borroka, energia arazoak eta ezberdintasunak eta pobrezia gainditzeko ahaleginak " bezalako "gai erabakigarrietan" EB, Latinoamerika eta Karibe "bazkidetzat" ezagutzen direla azpimarratu du Zapaterok.
Sehileko honetako EBk presidentearen hitzetan, bi blokeek lortutako "emaitzak " erakusteko aukera eskainiko du goi-bilerak. Hain zuzen, Eurolac Fundazioa abian jarriko dute eta Batasuneko 110 milioi eurori esker, azpiegiturak finantzatuko dituzte Latinoamerikan eta Kariben.
Ohiko saioak ez ezik, lan-gosari batzuk ere egingo dituzte: Bat estatuburuekin eta gobernuburuekin; beste bat Kanpo Arazoetarako ministroekin eta azkena Europar Batasunean sartu nahi diren herrialdeekin eta hainbat erakunderekin (Nazioarteko Diru Funtsa eta Amerikako Estatuen Erakundea kasu).
Azken bilera horretan Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko lehen presidenteordea izango da.
Gaurkoa ez da azken egunetan Europaren eta Latinoamerikaren artean egin duten batzar bakarra. Igandean EB-Mexiko goi-bilera egin zuten Kantabrian, eta atzo beste hiru izan ziren Madrilen: EB-Txile, EB-CARIFORUM eta EB-Mercosur.
Bihar beste bi egingo dituzte Erdialdeko Amerikako eta Andeetako herrialdeekin.