Mundua -
Thailandia
Zazpi lagun hil eta beste 90 zauritu dira istiluetan, Bangkoken
Armadak alkandora gorrien aurkako setioa hasi zuenetik zortzi lagun hil eta beste 101 zauritu dira. Alkandora gorrien buruzagiak negoziatzera behartu nahi ditu Gobernuak.
Erredakzioa
Gutxienez zazpi lagun hil dira gaur manifestarien eta Thailandiako soldaduen artean izandako istiluetan. Bangkokeko erdialdean milaka alkandora gorri daude eta Armadak setiatu egin ditu.
Horrez gain, beste 90 lagun zauritu dira liskarretan. Indarkeria gauean hasi zen, soldaduen eta alkandora gorrien noizbehinkako istiluekin.
Armadak alkandora gorrien aurkako setio operazioa ostegun gauean hasi zuenetik zortzi lagun hil eta beste 101 zauritu dira. Alkandora gorrien buruzagiak negoziatzera behartu nahi ditu Gobernuak, eta manifestariak merkataritza gunetik kanporatu.
Khattiya Sawasdipol jenerala (alkandora gorria) koman dago buruan tiro bat jaso ondoren, misioaren lehen orduetan.
Bokai auzoa
Istilu bortitzenak Bokai auzoan gertatu dira, gaueko bazarra edo Suam Lumen atzean. Turistek gehien bisitatzen duten zona da, baina bederatzi asteko protesten ondorioz ia desagertu egin da.
Hor 20 bat alkandora gorri atxilotu ditu Armadak eta soldaduek gas negar-eragileak, munizio erreala eta gomazko balak erabili dituzte. Jendetzak, ostera, harriak jaurti ditu.
Duela bi hilabete Bangkoken protestak hasi zirenetik, 37 lagun hil eta beste 1.400 bat zauritu dira granaden edo lehergailuen leherketatan, eta manifestarien eta soldaduen arteko liskarretan.