Mundua -

Atentatua Turkian

Turkiako Gobernuak Estatu Islamikoari egotzi dio Istanbuleko atentatua

Lehen ministroak aurreratu du "egun gutxi barru" hiru terroristen izen-abizenak eta horiei buruzko zehaztasunak publikatuko dituztela.

Estatu Islamikoak ez du oraindik Istanbuleko atentatua bere gain hartu

1:29

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Binali Yildirim Turkiako lehen ministroak Estatu Islamikoari leporatu dio atzo Istanbuleko aireportuan jazotako atentatu suizida. 41 pertsona hil zituzten eraso horretan.

Prentsaurreko batean, agintariak aurreratu du "egun gutxi barru" hiru terroristen izen-abizenak eta horiei buruzko zehaztasunak publikatuko dituztela.

Bestalde, Yildrimek ukatu egin du aireportuko segurtasun neurriak eskasak direla, eta gogorarazi du terroristek kontrolean eztandarazi zituztela euren buruak, ezin izan zutelako hura zeharkatu.

Datu ofizialen arabera, atentatuan hildako 41 pertsonetatik, 10 atzerritarrak ziren, eta hiruk nazionalitate bikoitza zuten. Nolanahi ere, agintariek ez dituzte zehaztu oraindik biktimen jatorriak.

EZ DAGO ESPAINIARRIK HILDAKOEN ARTEAN

Atzerri Arazoetako Ministerioak jakitera eman duenez, oraingoz ez dago hildakoen artean espainiarrik dagoen frogatzerik, Europa Press albiste agentziaren arabera.

Atentatua atzo arratsaldean gertatu zen, Istanbulgo nazioarteko aireportuko sarreran; erasorako fusilak erabili zituzten hiru terroristek bidaiariak tirokatzeko, eta, ondoren, immolatu egin ziren.

Atentatuaren ostean, Ataturk, Istanbulgo aireportu nagusia, bost orduz egon da itxita. Goizaldean zabaldu dute, eta pixkana normaltasuna berreskuratzen joan da. Hala ere, zenbait hegaldik atzerapenak izan dituzte, eta beste batzuk bertan behera geratu dira.

NAZIOARTEAK ERASOA GAITZETSI DU

Ban Ki Moon NBEko idazkari nagusiak atentatua gaitzetsi du, bere bozeramaileak agiri batean baieztatu duenez.

Hillary Clinton AEBko hautagai demokrataren ahotan, erasoak "terrorismoa eta jihadismo erradikala garaitzeko AEBren ausardia indartzen du".

Donald Trump AEBko hautagai errepublikanoak heriotzak deitoratu ditu, eta munduak aurrean duen mehatxu terrorista “sekula baino handiagoa” dela ohartarazi du.

Eraso "gorrotagarria" irmo gaitzetsi du Espainiako Gobernuak, eta "basakeria terroristaren" aurkako borrokan konpromisoa agertu du.

Azkenik, Europar Batasunaren "elkartasuna" adierazi die Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak biktimei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Atentatuak bideoak Estatu islamiarra berriak Jihadismoa Gaurko azken ordukoa Turkia