Mundua -

Atentatua Turkian

Gutxienez 42 pertsona hil dituzte Istanbulgo aireportuan

Ez dago Espainiako herritarrik hildakoen artean, Atzerri Arazoetako Ministerioaren arabera.

Atentatu hirukoitza Istanbuleko Ataturk aireportuan

1:48

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ataturk Istanbulgo aireportuaren aurkako erasoan 42 pertsona hil dituztela jakinarazi du gaur hiriko gobernadorearen bulegoak. Hildakoen artean, 13 atzerritar daude, eta erasotzaileak ere hil dira.

239 pertsona zauritu dituzte atentatuan, eta horietatik 109ri alta eman diete jada. Bestalde, 37 gorpu identifikatu dituzte, eta dagoeneko 19 gorpu senideei eman dizkiete.

Oraingoz inork ez du erasoa bere gain hartu, baina Binali Yildirim Turkiako lehen ministroaren esanetan, Estatu Islamikoa izan dela uste dute.

EZ DAGO ESPAINIARRIK HILDAKOEN ARTEAN

Atzerri Arazoetako Ministerioak jakitera eman duenez, oraingoz ez dago hildakoen artean espainiarrik dagoen frogatzerik, Europa Press albiste agentziaren arabera.

Atentatua atzo arratsaldean gertatu zen, Istanbulgo nazioarteko aireportuko sarreran; erasorako fusilak erabili zituzten hiru terroristek bidaiariak tirokatzeko, eta, ondoren, immolatu egin ziren.

Atentatuaren ostean, Ataturk, Istanbulgo aireportu nagusia, bost orduz egon da itxita. Goizaldean zabaldu dute, eta pixkana normaltasuna berreskuratzen joan da. Hala ere, zenbait hegaldik atzerapenak izan dituzte, eta beste batzuk bertan behera geratu dira.

NAZIOARTEAK ERASOA GAITZETSI DU

Ban Ki Moon NBEko idazkari nagusiak atentatua gaitzetsi du, bere bozeramaileak agiri batean baieztatu duenez.

Hillary Clinton AEBko hautagai demokrataren ahotan, erasoak “terrorismoa eta jihadismo erradikala garaitzeko AEBren ausardia indartzen du”.

Donald Trump AEBko hautagai errepublikanoak heriotzak deitoratu ditu, eta munduak aurrean duen mehatxu terrorista “sekula baino handiagoa” dela ohartarazi du.

Eraso “gorrotagarria” irmo gaitzetsi du Espainiako Gobernuak, eta “basakeria terroristaren” aurkako borrokan konpromisoa agertu du.

Azkenik, Europar Batasunaren “elkartasuna” adierazi die Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak biktimei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Atentatuak bideoak Gaurko azken orduko albistea Turkia albisteak