Mundua -

Erresuma Batua

Corbynek ez du dimitituko, Alderdi Laboristaren konfiantza galdu arren

Europar Batasunari buruzko erreferenduma galdu ostean, laboristen buruzagiak bere diputatuen babesa galdu du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagiak dimisiorik emango ez duela adierazi du, bere talde parlamentarioaren konfiantza duen galdu arren eta hainbat diputatuk eserlekua utzi duten arren.

Corbyn kargutik kentzeko asmoz, konfiantza-mozio ez loteslea egin dute diputatu laboristek, eta  % 81 haren aurka agertu dira. Hala ere, Corbynek “zilegitasuna” kendu dio emaitzari.

Joan den osteguneko erreferendumean Erresuma Batuak Europar Batasunetik ateratzeko erabakia hartu izanak hautsak harrotu ditu Alderdi Laboristaren baitan. Kanpainan argia izan ez zelan eta EBn jarraitzeko argudioak ondo azaldu ez izana leporatzen diote bere taldeko diputatuek.

Nolanahi ere, Corbynek ez du oraingoz kargua uzteko inolako asmorik. Krisi testuinguru honetan dimisioa ematea irailean bere alde egin zuten laboristen oinarriei eta sindikatuei “traizio egitea” izango litzatekeela esan du.

Corbynen iritzian, David Cameron lehen ministroaren dimisioak Alderdi Kontserbadorean eragin duen ahultasuna baliatu behar du orain Alderdi Laboristak. “Gobernuari ardurak eskatzeko unea da, austeritatearen kontra egiteko eta enpleguak eta langileen diru-sarrerak babesteko bidea markatzeko”, azpimarratu du.

“Alderdi Laboristaren %60ak aukeratu ninduen demokratikoki eta ez diet traiziorik egingo dimisioa emanda”, berretsi du 67 urteko politikari laboristak bozketaren emaitza jakin ostean.

Brexitak eragindako krisi politikoaren ondotik, Alderdi Laboristan gero eta gehiago dira Alderdi Kontserbadoreak  hauteskundeak aurreratu egingo dituela uste dutenak.  Hori dela eta, Corbyn ordezkatuko duen beste hautagai bat izendatzeko prozesua abiarazi nahi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Erresuma Batua Gaurko azken ordukoa Brexita albisteak Zer da Brexita